Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Teodoriko Handia

Ostrogodoen erregea 493-526 urteetan (?, 454 - Ravena, 526). Teodomiro errege ostrogodoaren semea eta ondorengoa zen eta Erromako Ekialdeko Inperioko hiriburuan, Konstantinoplan (Istanbul gero) igaro zuen haurtzaroa bahiturik. 471. urtean aitaren lekua betetzeko deitu zioten eta Behe Mesiara (egungo Bulgariara) ostrogodoak eraman zituen. 488. urtean kontsul eta patrizio tituluak eman zizkion Zenon enperadoreak Italiako penintsulara bidali zuen Odoakro germaniar erregea lurralde hartatik botatzeko eta penintsula goberna zezan. Hurrengo urtean, 100.000 gudarien buru zela, Italiara joan zen eta 493. urtean, Ravena konkistatu ondoren, Odoakro hilarazi zuen. Hurrengo 33 urteetan, itxuraz Ekialdeko enperadorean zerbitzuan ari bazen ere, Italiako errege izan zen benetan eta Ravenako gortetik gobernatu zuen. Bere diplomaziarako trebeziak erresumako aginpidea sendotu zuen eta mendebaleko erregetzat hartu zuten. Barne politikari dagokionez erresumako erakundeak eta tradizioak babestearen alde agertu zen eta Casiodoro, Boezio eta beste kontseilari erromatarrak hartu zituen inguruan. Godoen eta erromatarren arteko harremanak hobetzen saiatu zen, bi herrien arteko berezitasunak gordeaz betiere. Bi herriok legedia bakar baten pean gobernatzeko asmoak ere agertu zituen, baina bere gudarostea ostrogodoek baizik ezin zuten osatu, erromatarrei armak erabiltzea debekatu baitzien. Erlijio gaietan ere antzeko zuhurtzia erakutsi zuen, katolizismoa eta arrianismoa onartu baitzituen. Bizitzaren azken urteetan ordea, arazo larriak izan zituen Erromako elizarekin eta Ekialdeko inperioarekin, eta beste neurrien artean, Boezio filosofo eta kontseilaria hiltzeko eta Joan I.a atxilotzeko aginduak eman zituen.