Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Temistokle

(Gr. Themistokles). Atenasko estatu gizona (Atenas, K.a. 525 - Magnesia Menandro, K.a. 460). Oso gaztetandik erakutsi zuen politikarako zaletasuna. K.a. 493. urtean arkontea izan zen, eta K.a. 490. urtean paper garrantzitsua izan zuen Maratongo guduan. Alderdi demokratikoko burua izan zen, eta aristokraten buruzagia (K.a. 483) Aristides baztertu ondoren. Itsas nagusigoan oinarritutako politika bultzatu zuen. Pertsiarren inbasioei aurre egiteko Egeo itsasoko uharteak hartu zituen, eta atenastarrak itsasoan borroka egitera bultzatu zituen. K.a. 480. urtean Xerxes garaitu zuen Salaminako guduan, eta hura izan zuen politikan arrakasta handiena. Atenasko harresiak berriz eraiki ondoren, Pireo gotortu eta Atenasko portu nagusi bihurtu zuen. K.a. 483. urtean, Laurioko hobietatik ateratako zilarra erabiliaz hiru arraun lerroko berrehun itsasontzi eginarazi zituen. Bere gehiegikeriak eta handikeria zirela eta, gorroto handia piztu zuen jendearengan eta Zimon-ek baztertu zuen. Ordea, Artaxerxes I.a pertsiar erregeak hiru hiriko gobernuburu egin zuen: Magnesia Menandro, Miunte eta Lampsako.