Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tejero Molina, Antonio

Espainiar militarra (Malaga, 1932). 1951n Guardia Zibilean sartu zen, eta Guardia Zibilak Gipuzkoan zuen komandantziako buru izan zen. 1978an espedientea jarri zioten El Imparcial egunkarian erregeari idatzi zion eskutitz batengatik. Idatzi hartan Antonio Tejero Konstituzioaren kontra agertzen zen. 1979an preso hartu zuten bere izena Galaxia operazioarekin (Espainiako demokrazia berriarekin amaitzeko helburu zuena) lotuta agertzen zelako; 1980an Tejeroren kontrako epaia kaleratu zen, estatu kolpea egiteko saio hartan parte hartzeagatik. Zazpi hilabete eta egun bateko zigorra jarri zioten. 1981ean Guardia Zibileko indarren buru zela, Kongresuan sartu zen eta gobernua eta diputatuak bahiturik eduki zituen. 1982an Justizia Militarreko Goren mailako Biltzarrak hogeita hamar urteko kartzela zigorra eman zion. Epai hori Epaimahai Gorenak berretsi zuen. Zigorraren lehenengo partea Alcalá de Henaresen igaro zuen (Madril), baina 1982an Ferrolera eraman zuten, CESID-ek aurkitu baitzuen estatu kolpe saio bat prestatzen ari zela.