Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sully, Maximilian

(Maximilian Bethunekoa, Rosnyko baroia). Politikari frantsesa (Rosny-sur-Seine, 1560 - Villebon, 1645) Kalbinismoan hezi zen. Nafarroako Henrike III.aren (Frantziako Henrike IV.a) zerbitzari egon zen hura hil zen arte. Eragin handia izan zuen Frantziako politikan: finantza kontseiluko kide izan zen, Henrike IV.ari katoliko egiteko gomendioa eman zion, Nantesko ediktuaren prestaketan parte hartu zuen (1598) Savoiarekin bakea egiten lagundu zuen (1601), lantzeko lursail berriak prestarazi zituen eta herri lan asko egin zituen. 1611n gobernuko kargu guztiak utzi zituen. Hala ere, 1621ean Frantziako gobernuaren eta Montauban eta Rochelako protestanteen arteko bitartekari lanak egin zituen bakea jartzeko. Liburu bat idatzi zuen: Mémoires des sages et royales économies d’Etat de Henry le Grand (1638).