Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stalin, Josif. ;(Iosiv

Vissarionovich jaiotza izenaz). Errusiar politikaria (Gori, Georgia, 1879 - Mosku, 1953). Tbilisiko seminarioan ikasi zuen (1894); han marxismoaren eta iraultzaren alde agertu eta alderdi sozialdemokratan sartu zen; hori zela eta, Tbilisiko seminariotik bota zuten. Bulego batean aldi labur batez lan egin ondoren, Tbilisiko alderdi sozialdemokrataren batzarreko kide egin zen eta politikari emana bizi izan zen handik aurrera. Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata bitan zatitu zenean (1903), Lenin buru zuten boltxebikeekin bat egin zuen. 1905eko iraultzan parte hartu zuen; urte hartan bertan Finlandian egin zen alderdiaren biltzarran parte hartu zuen eta Lenin ezagutu zuen han. 1907an, Bakun bizi zelarik, hainbat greba bultzatu zituen eta kartzelara sartu eta erbestera bidali zuten behin baino gehiagotan. 1912an boltxebikeak alderdi sozialdemokratatik bereizi ziren eta Stalin alderdi berriko batzar zentraleko kide hautatua izan zen. Halaber, Pravda-ren lehen alea argitaratu zuen, baina 1913an atxilo hartu eta Siberiara bidali zuten erbesteraturik 1917 arte; han zen bitartean bere garaian garrantzi handia izan zuen liburu famatu bat idatzi zuen: Natsionalni vopros i marksizm (1914, Nazio arazoa eta marxismoa). Garai hartan hartu zuen “Stalin” («altzairua») ezizena. 1917ko iraultzan Stalin Petrogradora (San Petersburgora) joan zen eta buruzagi nagusietako bat izan zen. Pravda egunkariko zuzendari, alderdiko politburo edo zuzendaritzako kide eta nazionalitateen komisario izan zen. Gerra zibilean (1918-1920) Nazioko Defentsa Kontseiluko kide eta komisario politiko izan zen. 1921ean, Trotski aurka izan bazuen ere, Stalin alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten; horri esker, alderdiaren aparatu guztia eta administrazioa kontrolatu zituen. Hala, Lenin hil zenean (1924), estatuburu egin zen, nahiz Leninek Stalin baztertu beharra adierazia baitzuen bere testamentuan. Hasieran, Zinovievekin eta Kamenevekin batera gobernatu zuen, baina handik urte batzuetara alderdiko zuzendaritzatik (politburotik) egotzi zituen traba egiten zioten aurkariak eta erbesteratu egin zuen Trotski, bere etsairik handiena (1929). Trotskik zioen bezala iraultza mundu guztira zabaltzea ezinezkoa zela etsita, Stalinek teoria berri bat sortu zuen, alegia, sozialismoa herri bakarrean gauzatu eta indartu behar zela aurrena eta handik beste herrietara zabaltzen ahalegindu gero. Hala, bere eginahal nagusia Sobietar Batasunean ekonomia egitura sendoak sortzea izan zen, estatua beste inoren mende egon beharrik gabe, burujabe izan zedin. Nekazaritzaren kolektibizazioa ezarri zuen eta lur jabe txikien aurka gogor jokatu zuen. Horrekin batera, makina berriak sartu zituen; hala, nekazari askok hirietara jo behar izan zuen industrian lan egitera, izan ere, industria egitura sendo bat sortzeari eman baitzion lehentasuna Stalinek. Horretarako, bost urterako planak egituratu zituen, Sobietar Batasuna ahalik eta lasterren industrialtzearren. 1930an, estatuko aginpide guztia Stalinen esku geratu zen, kolektibizazioaren aurka zeuden Bukharin, Rikov eta beste aurkariak baztertu egin baitzituen. Errusiako jaun eta jabe bihurturik, bere aginpidea indartu zuen, aurkariak eta etsaiak ankerki zapalduz; hala, Sergei Kirov bere laguntzailea hil zutela aitzakia harturik, garbiketa edo purga politika gogor bati ekin zion, eta bere laguntzaile izandako asko eta asko –Bukharin eta Rikoz, besteak beste– hiltzera kondenatu zituen. 1939an, nazien indarraz kezkaturik eta gerra Sobietar Batasunera bidera ez zedin, Hitler-ekin elkarri ez erasotzeko hitzarmen bat sinatu zuen (Munich-eko hitzarmena). Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Stalinek Poloniako ekialdea, Baltiko itsasertzeko herrialdeak eta Finlandiako eta Errumaniako hainbat lurralde konkistatu zituen indarrez. 1941. urtean, Alemaniak Errusiari eraso zion, eta gerraz baliaturik Stalinen aginpidea areagotu egin zen; hala, ahalmen guztiak bereganatu zituen: Herri Komisarioen kontseiluko eta gudarosteko buru egin zen. Gerran alemaniarrek atzera egin zutenean, Europako ekialdeko herrialde asko Sobietar Batasunaren mende geratu ziren, eta izenaz burujabe baziren ere, ekialdeko estatu gehienak Stalinen politikaren morroi izan ziren. 1945ean gerra deklaratu zion Japoniari. Bere bizitzaren azken urteetan, “gerra hotza” piztu zen demokrazia liberalen eta Sobietar Batasunaren artean; garai hartan diziplina zorrotza ezarri zuen Sobietar Batasun barruan eta baita kanpoan ere: barruan, ideologia zentsura ezarri eta askatasunak ezabatu eta bere irudia oso goraipatua izan zen, eta kanpoan, berriz, bere politikara makurrarazi zituen beste herrialdeetako alderdi komunistak eta bere eraginpean zeuden estatuak. Hil zenean Leninen ondoan hilobiratu zuten. 1956an, alderdi komunistaren XX. kongresuak, Nikita Krustxov-en txostenean oinarri hartuta, Stalinen tirania eta bere garaiko gertakizunen kontaera aldatu izana salatu zituen, eta marxismo-leninismoa, berriz ere, komunismoaren oinarri izan zedin eskatu zuen. Horrez gainera, hirien izenak aldatu (Stalingrado ordez Volvogrado) eta Stalinen irudiak eraitsi ziren. 1961ean, alderdiaren XXII. kongresuak Leninen hilobitik ateratzea erabaki zuen; Kremlingo harresian hilobiratu zuten azkenik, Sobietar Batasuneko beste gizon handien ondoan.