Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soupault, Philippe

Frantses poeta eta narratzailea (Chaville, Paris, 1897 - Paris, 1990). XX. mendeko lenengo abangoardietako kidea, eta Littérature aldizkariaren sortzailea (1919). Dada mugimenduaren kide izan zen (Tristan Tzarak sortua, Zurichen, 1916an); garai hartakoa du Rose des vents (1920, Haize-arrosa) obra. Urte hartan bertan, André Breton-ekin batera, Les champs magnétiques (Eremu magnetikoak) idatzi zuen; idazkera automatikoaren lehen saioa izan zen hura. Higikunde surrealistaren bultzatzaileetako bat izan zen, baina 1927an aldendu zen, Breton –higikundearen sortzailea– alderdi komunistari lotu zitzaionez gero. Hala ere, bere obra higikundearen joeretatik aldendua zen ordurako, Westwego (1922), Wang-Wang (1924) eta Georgia (1926) obrek erakusten duten bezala. Beste zenbait poesia lan aipagarri: Il y a un océan (1936, Ozeano bat bada); L´arme secrète (1946, Arma sekretua); Chansons du jour et de la nuit (1949, Eguneko eta gaueko abestiak), eta Sans phrases (1953, Esaldirik gabe). Bere hitz lauzko produkzioa ere higikunde surrealistari lotuta geratu zen: Le bon apôtre (1923, Apostolu ona); A la dérive (1924, Noraezean); Le négre (1927, Beltza); Les dernières nuits de Paris (1928, Parisko azkeneko gauak). Zinemarako eta antzerkirako idatzi zuen, eta literatura eta arte kritikari gisa ere saiakera gogoangarriak idatzi zituen: Profils perdus (1963, Profil galduak); L´amitié (1965, Adiskidetasuna). 1945ean, bestalde, Le temps des assassins. Histoire du detenu nº 1934 (Hiltzaileen denbora. 1934. zenbakidun atxilotuaren historia), autobiografia idatzi zuen, Tunisian 1943an atxilotu zutenekoa gogoan.