Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solutré aldi

Goi Paleolitos Aroko kultura, Europako mendebalean sortu eta hedatu zena K.a. 18000-15000 urteetan. Frantziako Solutré herrian dagoen haitzuloagatik eman zaio kultura horri izena. Solutréko kulturan gizonak harria lantzeko teknika berria asmatu zuen, presioaren teknika. Presioa eginez ezkata paraleloak egiten zituen harrizko punten bi aldeetan, eta forma berriak lortzen zituen horrela. Horri esker tresna eta arma berriak egin ahal izan zituen, era askotako lantza puntak eta azkonak. Aldi berean, hezurrez egindako tresnak ere asko hobetu ziren: orratz zulodunak eta zerra ahoko arpoiak sortu ziren eta era askotako eztenak, burilak eta larrua leuntzeko tresnak egin ziren. Arteak ere aurreramendu handia izan zuen aldi hartan (haitzuloetako horma irudiak). Solutréko kultura Frantzian eta Iberiar Penintsulan sortu eta hedatu zen, batez ere, baina Britainia Handian ere aurkitu dira haren aztarnak. Hala ere, Europako erdialdean (Szeletien kulturan) eta Afrikan aurkitu dira kultura horrekin antz handia duten aztarnak. Halaber, Madalen aldian Solutré kulturako tresnak eta arte moldeak aurkitu baitira, aditu askok uste du Madalen aldia, arteari dagokionez batez ere, kultura horren jarraipena dela.