Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solti, Georg

Ingeles orkestra zuzendaria (Budapest, Hungaria, 1912 - Antibes, Frantzia, 1997). Fantz Liszt Akademian egin zituen musika ikasketak, Dohnanyi, Zoltan Kodaly eta Bela Bartok bezalako maisuen gidaritzapean, besteak beste. 1934-1939 bitartean, Budapesteko Operako zuzendari izan zen. 1936-1937 denboraldian, Arturo Toscaninirekin batera, Salzburgoko Jaialdian egon zen, eta bere ospea nazioartera zabaltzen hasi zen. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, Suitzara erretiratu zen. Han berriro pianojotzaile gisa kontzertuak eskaintzen hasi zen, eta Genevako nazioarteko lehiaketaren lehen saria irabazi zuen, 1942an. Gerra bukatu orduko Municheko Operako musika zuzendari nagusi izendatu zuten (1947-1951), eta Frankfurtekoa gero (1952-1961). 1961ean Los Angelesko Orkestra Filarmonikoko zuzendari izendatu zuten, baina aldi berean Parisko Orkestra eta Operako zuzendari izan zen zenbait unetan. Gero Britainia Handira joan zen, eta Covent Gardeneko eta Londresko Orkestra Filarmonikoaren ardura hartu zuen. Gainera, Chicagoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan zen, Amsterdameko Concertgebouw-ekoa, eta Zuricheko Tonhalle-koa. Karajan hil zenean bere gain hartu zuen Salzburgoko Eguberri Jaialdiko zuzendaritza. Zuzendari gisa, opera zuzendari eta sinfonia zuzendariaren kualitateak batu zituen. Inork ez bezala baliatu zituen soinu erregistroak, eta disko asko grabatu zituen. Hil baino urte gutxi batzuk lehenago oroitzapen liburu bat idazten hasi zen, 1998an argitaratua.