Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solzhenitsin, Alexandr Isaievitx

Errusiar idazlea (Kislovodsk, 1918 – Mosku, 2008). Matematika ikasketak egin zituen. Bigarren Mundu Gerran artilleria kapitain izan zen. 1945ean atxilo hartu zuten, gutun batean Stalin kritikatzeagatik, eta kontzentrazio esparru batean eduki zuten hamaika urtez. Askatasuna lortu zuenean, Riazan-en jarri zen bizitzen, eta irakasle gisa lan egin zuen 1962. urtea arte. Urte hartan bertan Egun bat Ivan Denisovitxen bizitzan eleberri laburra argitaratu zuen, kontzentrazio esparru bateko preso baten egun arrunt baten kontakizuna. Obra hori halako mugarria izan zen XX. mendeko errusiar literaturaren historian, hura izan baitzen lehena Stalinen kontzentrazio esparru batean gertatzen zena aipatzen. Hilabete batzuk geroago beste bi kontakizun argitaratu zituen: Matrionaren etxea eta Kretxetovka-ko ezezaguna. Hasitako ildoari jarraituz, Minbiziaren pabiloia (1967) eta Lehen zirkulua (1969) obretan Stalinen garaiko izua deskribatu zuen. Obra horiek Mendebaldean baino ez ziren argitaratu, eta Sobietar Batasunaren mugetatik kanpo izan zuten oihartzunagatik Literaturako Nobel saria jaso zuen 1970ean. 1970eko hamarraldian ziklo historiko baten kontakizuna idazten hasi zen, 1917ko iraultzaz geroztik bere herrialdean izandako aldaketen berri emanez. Zikloari Gurpil gorria izena jarri zion eta hiru eleberri hauez osatua zegoen: 1914ko abuztua (1971); 1916ko azaroa (1984) eta 1917ko martxoa. Bien bitartean, 1974an beste obra erraldoi baten lehen atala argitaratu zuen: Gulag uhartedia (1973-1978). Obra horretan, berriro ere, datu eta dokumentu pila batez lagundurik, Stalinen kontzentrazio esparruetako bidegabekeriak deskribatu zituen. Urte hartan bertan, 1974an, Errusiatik egotzi zuten. Zurichen jarri zen bizitzen eta bere Oroitzapenak (1975) eta Lenin Zurichen (1976) argitaratu zituen. 1976an, Estatu Batuetan egindako bisitaldi batean, han egindako hitzaldiak argitaratu zituen: Ameriketako diskurtsuak. Azkenik, Estatu Batuetan geratu zen bizitzen, Vermont-en.