Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soares, Mario

Portugaldar politikaria (Lisboa, 1924). Abokatua zen lanbidez eta Portugalen diktaduraren aurka borrokan ari izandako askoren abokatu izan zen. 1952tik 1960ra alderdi sozialdemokratako buruetako bat eta diktaduraren aurkako ekintza eta jarduera askoren bultzatzaile izan zen. 1968an atxilotu eta São Tomé-ra erbesteratu zuten, baina urte hartan bertan itzuli zen Portugalera Caetanok Salazar-en ordez aginpidea eskuratu zuenean. 1970ean Parisa erbesteratu behar izan zuen. 1973an Portugalgo alderdi sozialista (PSP) sortu zuen Alemanian, eta geroztik alderdi horretako burua da. 1974ko apirilean, diktadura erori eta berehala, Portugalera itzuli zen; Kanpo Harremanetako ministro izendatu zuten behin-behineko gobernuan, eta ordu arte Portugalen kolonia izandakoen burujabetasuna negoziatu zuen. 1975eko eta 1976ko hauteskundeetan bere alderdiak botoen gehiengoa eskuratu zuen eta Soares Lehen ministro izendatu zuten. Militarren eragina gutxitzen eta alderdi komunista baztertzen saiatu zen. 1976an alderdi sozialistako idazkari nagusi izendatu zuten. 1977an Kanpo Harremanetako ministro izendatu zuten berriro ere; 1978an koalizio gobernu bat egin behar izan zuen kontserbadoreekin, eta haiek laguntza ukatu ziotenean gobernua utzi behar izan zuen. 1979ko hauteskundeak galdu zituen, baina 1983an Lehen ministro hautatu zuten, eta kargu hori izan zuen 1985 arte. Errepublikako lehendakaria izan zen 1986-1996 urte bitartean. 1996. urtean, lehendakaritzako hauteskundeetan, Aníbal Cavaco Silva sozialdemokrata irten zen lehendakari, eta Soaresek kargua utzi behar izan zuen.