Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

silikato

iz. Miner. Silizearen eta metal oxidoen arteko konbinazioetako bat. Silikatoak mieen arteko multzo nagusia osatzen dute, ezagutzen diren meen herenak silikatoak baitira, eta Lurrazalaren % 90 baino gehiago ere silikatoz eratua baita. Silizioa, oxigenoa, metal bat edo gehiago, eta batzuetan hidrogenoa dute beren osaeran. Kristal egituran oinarrizko banako bat ageri du: SiO4 tetraedroa. Silizio ioia tetraedroaren erdian kokatzen da eta oxigeno ioiak erpinetan. Tetraedroak elkarrekin elkartzen dira oxigenoen arteko lotura bidez; tetraedro horiek elkartzeko eraren arabera silikato mota desberdinak eratzen dira: tektosilikatoak, filosilikatoak, inosilikatoak, ziklosilikatoak, sorosilikatoak eta nesosilikatoak. Egitura horien zirrikituetan ioi metalikoak (Fe, Mg, Ca, K eta Na) kokatzen dira. Silikato baten egiturak erabat baldintzatzen du bere kimika osaera eta tasun fisikoak. Horrela, mika mineral ezaguna xafletan agertzen da izadian eta piroxenoak prisma eran, baina denak silikatoak dira. Silikato naturalen artean hauek dira nagusiak: talkoa, buztinak, feldespatoa, mika eta beriloa. Sintesi bidez lortzen den silikato ezagunena sodio silikatoa da (uretan urtzen den beira). Silikatoek hainbat erabilera dituzte: ur gogorrak tratatzeko, zementuak ekoizteko, paperak estaltzeko, azidotasunaren aurka, etab.