Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siles, Jaime

Espainiar idazle eta olerkaria (Valentzia, 1951). Salamancako Unibertsitatean filosofia eta letretako lizentzia eskuratu zuen, 1973an; Tübingeneko Unibertsitatean osatu zituen ikasketak, beka batekin, eta geroago Kölneko Unibertsitateko hizkuntzalaritza saileko bekaduna izan zen. 1976an Salamancako Unibertsitateko doktore izendatu zuten. Filologia klasikoko katedraduna da; irakasle izan da Alcalá de Henares, Sankt Gall (Suitza) eta Valentziako unibertsitateetan. Bere olerkigintzari dagokionez, olerkigintza metafisikoa landu duela esan daiteke, lehen aldian batez ere, bere aberastasun erretorikoagatik eta esentzien bilaketa etengabeagatik. Barrokismoaren eta surrealismoaren kutsua ageri du Génesis de la luz (1969, Argiaren genesia) bere lehen olerki liburuak. Columnae liburuan, berriz, birtuosismo formalagoa eta ohiko moldeetarako itzulera nabarmentzen dira, modernitatera egokiturik betiere. Biografía sola (1970, Biografia bakarrik) lanean poesia abstraktuaren eragina da azpimarratzekoa, ondorengo zenbait lanetan bezala: Canon (1973, Kanona), Alegoría (1977, Alegoria) edo Lectura de la noche (1980, Gauaren irakuarketa). Obra horiek guztiak bildu eta Poesía, 1969-1980 (Olerkiak, 1969-1980) liburuan eman zituen argitara 1982an. Geroagokoak ditu Música de agua (1983, Ur doinua), Semáforos, semáforos (1990, Semaforoak, semaforoak) eta El gliptodonte y otras canciones para niños malos (1991, Gliptodontea eta haur gaiztoentzako beste kantu batzuk). Filologiaren alorrean aipatzekoak dira Sobre un posible préstamo griego en ibérico (1976, Iberierako mailegu greziar posible bati buruz), Léxico de las inscripciones ibéricas (1979, Iberiar idazkunen lexikoa) etab.