Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sierra Leona

(Izen ofiziala, Sierra Leonako errepublika; Ing. Republic of Sierra Leona). Afrikako mendebaleko estatua. 71.740 km2 eta 6.294.774 biztanle (2008, sierraleonarrak). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Ginea; hego-ekialdean, Liberia; hegoaldean eta mendebalean, Ozeano Atlantikoa. Hiriburua: Freetown (1.070.200 biztanle, 2001). Hiri nagusiak: Koidu-New Sembehun, Bo, Kenemea, Makeni. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Etniak: mende-ak, % 34,6; temne-ak, % 31,7; limba-k, % 8,4; kono-ak, % 5,2; bullom/sherbro-ak, % 3,7; fulani-ak, % 3,7; kuranko-ak, % 3,5; yalunka-k, % 3,5; kissi-ak, % 2,3; beste batzuk, % 3,4. Erlijioa: animismoa, % 51,5; musulman sunnia, % 39,4; protestantea, % 4,7; katolikoa, % 2,2; anglikanismoa, % 1,2; besteak, % 1. Dirua: leone-a.  v  Orografia eta hidrografia. Sierra Leonako itsasbazterra 32-64 km bitarteko zabalera duen zabaldi hareatsu bat da, ibai bokaleek eta sartu-irtenek hautsia, eta zenbait tokitan, padurak dituena. Itsasaldean Sierra Leonako penintsula nabarmentzen da, baso trinkoz estalitako mendiak baititu (Picket Hill, 888 m). Han dago hiriburua. Itsas bazterretik aurrera ordoki bat da, iparraldean, sabanak estaltzen duena, eta hegoaldean, basoez estalitako muino batzuk dituena. Lurraldearen ekialdeko erdia, berriz, goi-ordoki bat da, mailaz maila, goraka doana, ipar-ekialdeko Loma Mendiak (Bintimani, 1.948 m) eta Tingi muinoak (Sankanbiriwa, 1.853 m) dauden alderaino. Sierra Leonako ibai nagusiek (Rokel, Taia, Sewa, Moa…) ipar-ekialdetik hego-mendebalera zeharkatzen dute lurraldea, badiak eta estuarioak eratzen dituzte kostaldean, eta ura Ozeano Atlantikoan isurtzen dute. Iparraldean, euri sasoian, ibaiek gainezka egiten dute, eremu zabalak hartzen dituzte eta zuhaitzak haztea eragozten dute.  v  Klima eta landaredia. Sierra Leonak klima tropikala du, beroa eta hezea. Tenperaturari dagokionez, urtean, batez beste, 25-28 °C izaten dira kostaldean eta 23-28 °C barnealdean; ipar-ekialdean, hozberoak gorabehera handiagoak ditu: urtarrileko hotzena 13 °C-koa izaten da, eta martxoko beroena 32 °C-koa. Euri sasoi bat dago maiatzetik urrira, eta sasoi lehor bat azarotik apirilera. Euri gehiena kostaldean izaten da: Sierra Leonako penintsulako mendietan, urtean zehar, 5.080 mm euri izateraino iristen da; ipar-ekialdean, berriz, 2.000 mm inguru egiten ditu.  v  Tropiko aldeko baso trinkoek lurraldearen laurden bat baino gehiago hartzen dute; zur bikaineko zuhaitzen artean, aipatzekoak dira Afrikako kaoba eta Afrikako teka. Gainerakoan sabanako landaredia, tarkeka zuhaitzak dituena, eta, kostaldean, padurak eratzen diren alderdietan, ur gaziko landaredia hazten da.  v  Biztanleak. Sierra Leonan bizi diren 18 etnien artean, mende eta temne dira nagusiak. Mende etniako gehienak ekialdean eta hegoaldean bizi dira, eta temne-ak iparraldean. Limba, kuranko, susu, yalunka eta loko etniako gehienak iparraldean bizi dira, kono eta kissi-ak ekialdean, sherbro-ak hego-mendebalean, bullom, vai eta krim-ak kostaldean, eta fulani-ak eta malinke-ak iparraldean eta ekialdean. Kreole-ek (% 2 baino gutxiago) XIX. mendean kostaldea kolonizatu zuten esklabo askeen ondorengoek, herrialdearen administrazioa eta politika kontrolatzen dute; gehienak mendebalean eta Freetown-en bizi dira. Etnia horiez guztiez gainera, hirietan, libanoarrak eta indiarrak ere badira. Hizkuntza ofiziala, ingelesa, administrazioan, irakaskuntzan eta salerosketan erabiltzen da bakarrik, etnia bakoitzak berea baitu. Libanoarrek eta musulman batzuek arabiera erabiltzen dute, eta kreoleek ingelesetik eta Afrikako hizkuntza batzuen arteko nahasketatik eratorritako hizkuntza bat, krio-a, erabiltzen dute, lingua franca gisa lurralde osoan erabiltzen dena. 1985-90 urteetan biztanleria bizkor samar ugaldu da, heriotza kopurua handia izan arren (‰ 23,4), jaiotza kopurua askoz handiagoa baita (‰ 48,2) baitu.  v  Ekonomia. Sierra Leona munduko herrialderik behartsuena da eta aberastasuna, gainera, oso desberdin banatuta dago. Ekonomia nekazaritzan eta meagintzan oinarritzen da. XX. mendearen bukaeran, inportazioen gorakadak, meagintzaren gainbeherak eta administrazioaren gauzaezak eta ustelkeriak ekonomiaren hazkundea galarazi dute. Diamanteen ezkutuko salerosketa diru iturri nagusietakoa da. Lurraldeko aberastasunak gorabehera, Afrikako herrialde behartsuenetako bat da.  v  Jende gehienak lurra lantzen du bizibidea ateratzeko, oso baliabide urriekin. Lantzen diren gai nagusiak, bizigai gisa, arroza, mandioka eta artatxikia dira, eta esportatzeko, olio-palmondoa, kafea, kakaotzea, piassava eta zingiberra. Mea baliabide handiak daude lurraldean, eta horien artean, garrantzitsuenak diamanteak, bauxita eta errutiloa dira. Industria nagusiak meen ustiapenera bideratuak dira, baina kontsumo gaiak lantzen dituzten lantegiak ere badira: zigarroak, azukrea, edari biziak, xaboia, ehunak, meetatik eratorritako erregaiak eta labaingarriak. Industria hazteko eragozpen nagusia elektrizitate urritasuna da. Salerosketeei dagokionez, Sierra Leonak errutiloa, bauxita, diamanteak, kakaoa eta kafea esportatzen ditu, eta elikagaiak, abereak, oinarrizko gaiak, erregaiak eta kimika gaiak inportatzen. Merkataritza harreman gehienak Britainia Handia, Estatu Batuak, Alemania, Holanda eta Txinarekin ditu.  v  Freetown errepidez lotua dago herrialdeko hiri nagusiekin eta auzo herrialdeetako hiriburuekin. Mea eta nekazaritza gaiak errepidetik ez ezik burdinbidetik eta ibaietatik ere garraiatzen dira. Hiriburuan nazioarteko hegalditarako aireportu bat dago, baita Afrikako kai hoberenetako bat ere.  v  Gobernua eta gizartea. Sierra Leona errepublika bat da. 1978-1991 bitartean herrialdea All-Peoples’ Congress (APC, Herri Osoaren Kongresua) alderdi politiko bakarraren mendean egon zen. 1991n, konstituzio berri bat eta alderdi aniztasuna onartu ziren. Konstituzioaren arabera, lehendakaria bost urtez behin hautatzen da, bozketa bidez. Legebiltzarrak ganbara bat du.  v  Sierra Leonako ingurunerik aurreratuena hiriburu ingurukoa da; aitzitik, barnealdea oso atzeratua dago. Osasun egoera, oro har, txarra da, eta gobernuak bere gain hartu du arazo horri aurre egiteko ardura, azpiegitura eta zerbitzuak hobetuz eta hedatuz; nolanahi ere, gaur egun, haurren heriotza kopurua munduko handienetako bat da (‰ 154). Osasun arazo nagusiak malaria, tuberkulosia, legenarra, kukutxeztula, rubeola, tetanosa eta beherakoa dira. Bizi itxaropena 42 urtekoa da. Bestalde, lehen mailako irakaskuntza dohain da, baina 15 urtetik gorako lau biztanletatik bat baino ez da alfabetatua.  v  Kultura. Aipagarriak dira Sierra Leonako biztanleen zur, boli eta xaboi-harri landuzko buruak, irudiak eta erliebeak, XV. mendeaz gero ezagutzen direnak; halaber, larrua lantzen da, eta arropa, saskiak, ontziak eta alfonbrak ere eskuz egiten dituzte. Sierra Leonako Dantza Taldeak mundu osoan ezagutarazi ditu herrialdeko musika eta dantzak, leinuetako erlijio ospakizunekin lotuak daudenak.  v  Historia. Dirudienez, kostaldeko bulom-ak dira lurraldean finkatu ziren lehen biztanleetako batzuk. XV. mendean zehar, beste batzuen artean, mende eta temne etnietako jendea oldeka sartu zen. 1462. urtean, portugaldarrek kostaldea esploratu zuten, Pedro de Sintra itsasgizonaren gidaritzapean, eta Sierra Leona izena jarri zioten lurraldeari. Handik gutxira, Sierra Leonako biztanleek bolia eta guduetan atxilotutakoak saltzen zizkieten europarrei. XVI. eta XVIII. mendeetan, Sierra Leona itsas-lapurren babestoki eta esklaboen salerosketarako gune nagusietako bat izan zen. 1787an, esklabotasunaren aurka zegoen Britainia Handiko erakunde batek Freetown hiria («Hiri askea») sortu zuen askatasuna lortzen zuten esklaboentzat. Ingalaterratik, Amerikatik, Jamaikatik eta beste leku batzuetatik Freetown-era joan ziren gehienek ingelesa zerabilten eta, horietako asko kristauak eta ikasiak ziren. 1807an, Britainia Handiko Legebiltzarrak esklabotasuna debekatu zuenean, britainiar gobernuak itsas armada bidali zuen esklaboen salerosketari aurre egiteko. 1808an, Freetown inguruko kostaldea Britainia Handiaren kolonia bilakatu zen, eta, 1896an, lurraldearen gainerako guztia, berriz, protektoratu. Koloniak eta protektoratuak, zeinek bere administrazioa izan zuten, harik eta, 1960an bateratu ondoren, 1961ean burujabetasuna erdietsi zuten arte, Commonwealth erakundearen barruan. 1967an, militarrek aginpidea kendu zioten hauteskundeetan hautatutako gobernuari, baina, handik gutxira, zibilek eskuratu zuten atzera aginpidea. Geroago, 1971ko apirilaren 19an, konstituzio berri bat onartu zen, eta Sierra Leona errepublika bilakatu zen; Siaka Stevens hautatu zuten Lehen Ministro. 1978an, Stevens-ek alderdi politiko bakarreko erregimena ezarri zuen. 1985ean, 80 urte zituelarik, lehendakari izateari utzi zion, eta Joseph Saidu Momoh jenerala izendatu zuten haren ordez. 1992ko apirilean, demokrazia bideratzeko berrikuntza batzuk onartu ondoren (konstituzio berria, alderdi aniztasuna…), Valentine Strasser kapitainak Momoh jenerala aginpidetik kendu zuen, eta aurreko erregimeneko buruzagien ondasunak bahitu eta konstituzioa baliogabetu zuen. 1996ko urtarrilean, Julios Bao diputatuak estatu kolpe bat jo eta lehenengo hauteskunde libreak antolatu zituen; hauteskunde horiek Ahmed Tejan Kabbahek irabazi zituen, baina, 1997an, estatu kolpea jo zioten hari ere eta Johnny Paul Koromak hartu zuen aginpidea, militar talde baten buru. Azken gobernuetako tirabira handiak gerra zibilari zor zaizkio gehienbat. Gerra zibila 1991n hasi zen, RUF alderdiko Foday Sankochek matxinada bat hasi zuen hego-ekialdean, baina 1995erako, ia Sierra Leona osora hedatua zen borroka. RUFeko gerrillariak temne etniakoak ziren gehienbat eta mende etniaren nagusitasunaren aurka borrokatzen ziren, haien esanetan. Hala, Kabbah lehendakariaren eta SLPP haren alderdiaren aurka aritu ziren, mende etniaren alde ari zirelakoan. 1997ko kolpearen ondoren, ordea, gerrillariek gobernu militarrarekin bat egin zuten, baina, orduan, mendetarrek miliziak antolatu eta borrokan hasi ziren RUFen aldeko gobernuaren aurka. Gerra zibil luze horren ondorioz, milaka lagun hil ziren eta bi milioi lagunek ihes egin behar izan zuten. 1998ko udan, NBEko soldaduek esku hartu izanak gerra amaitzeko itxaropena sortu zuen, baina, hurrengo hilabeteetan, zibilen aurkako sarraskiak ez ziren areagotu baizik egin. 2002an eman zitzaion amaiera gerra zibilari, NBEn bake misioaren bitartekaritzaz. Urte horretan bertan hauteskunde libreak egin ziren. Gerraren ondoren, nazioarteko auzitegi bat eratu zen Hagan Sierra Leonako zibilen kontrako sarraskiak epaitzeko; epaiketa horretan frogatu zenez, diamanteen salerosketak finantzatu zuen gerra hori, eta ume soldadu asko beren aurkariei matxetez beso-hankak moztera behartu zituzten. 2007ko abuztuan, auzitegi horrek 13 lagun kondenatu zituen gerrako krimenengatik, gizadiaren kontrako krimenengatik, bortxaketengatik eta adin txikikoak soldadu eramateagatik: besteak beste, Charles Taylor Liberiako lehendakari ohia, matxinoei lagundu baitzien armez diamante-trafikoaren truke, Foday Sankoh matxinoen buruzagia eta Johhny Paul Koroma, estatu kolpea jotakoa.
http://www.ernestkoroma.org/