Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sienkiewicz, Henryk

Poloniar idazlea (Wola Okrzejska, 1846 - Vevey, Suitza, 1916). Prentsan hasi zen idazten. Estatu Batuetara bidaia bat egin ondoren, egonaldi haren inguruan Bidaia Gutunak (1876-1878) idatzi zituen. Slowo egunkarian esku hartu zuen zuzendari gisa 1882tik aurrera, jarrera kontserbatzaileak aldezten zituela. Lehen Mundu Gerra hasi zenerako Poloniako literatura berriaren idazle gorentzat aitortua zen. Kontakizunaren alorrean, Ikatzez egindako zirriborroak (1880) obran laborari bizitzaren berri mingotsa ematen zuen. Beste eleberri labur batzuk Ameriketako egonaldian oinarrituak dira: Itsasargi zaintzailea (1881), Sachem (1889). 1883tik aurrera eleberri historikoak moldatzeari ekin zion, XVII. mendekoeko Polonia gai hartzen duen trilogia batekin: Ogniem i mieczem (1884, Odolez eta burdinez); Potop (1886, Uholdea) eta Messire Wolodyjowski (1888, Wolodyjowski jauna). 1896an kristautasunaren lehen garaiak oroitarazten zituen Quo Vadis eleberriak mundu osoan ezagutarazi zuen. Kryzacy (1900, Zaldun teutoiak) eleberrian berriro landu zuen Poloniako historia. 1905ean Literatura Nobel saria eman zioten.