Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siegbahn, Kai Manne Borje

Suediar fisikaria (Lund, 1918 - 2007). Aitak, Karl Manne Siegbahnek, Fisikako Nobel saria eskuratu zuen 1924an, X izpiei buruz egindako lanengatik. Kai Siegbahnek Uppsalan eta Stockholmen egin zituen ikasketak; Stockholmeko Teknologiako Errege Institutuko irakasle izan zen 1951-1954 bitartean eta Uppsalako Unibertsitateko fisika saileko burua eta irakaslea 1954tik aurrera. 1981ean Fisikako Nobel saria eskuratu zuen, Nicholas Bloembergen eta Arthur Leonard Schawlow zientzialariekin batera, erresoluzio handiko elektroi espektroskopiaren alorrean egindako lanengatik. Nicolaas Bloembergen eta Arthur L. Schawlow materialak aztertzeko laser izpiez baliatu ziren, eta Siegbahnek X izpiekin lan egin zuen. Hain zuzen ere, materialak X izpiez bonbardatu zituen Siegbahnek eta X izpiek atomotik aldentzen dituzten elektroiak behatzeko aukera izan zuen horrela; teknika berri horrekin sustantzia bakoitzean atomoak elkarri nola lotzen zaizkion aztertu ahal izan zen. Siegbahnek egindako aurkikuntzen arabera, atomoen arteko lotura kimikoen izaeraren araberakoa da elektroien energia, eta aurkikuntza hori analisi kimikorako elektroi espektroskopia deritzon teknikara aplikatu zuen (ESCA). Teknika hori erabiliz sustantzia konplexuen osaeraren analisi zehatza atomoen arteko lotura kimikoen azterketa egin dezakete zientzialariek.