Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sharia

iz. Islamaren legea, Koranean, Sunnan, herri tradizioetan eta islamaren lehenengo bi mendeetako musulman jakintsuen lanean oinarritua. Musulmanak ez diren beste lege sistema askoren aztarnak ikus daitezke sharian: antzinako arabiar beduinoenak, Mekako merkataritza legearenak, Medinako nekazaritza legearenak, konkistatuko herrietakoenak, eta erromatarren eta juduen legearenak. Sharia legea dela esatea, baina, ez da erabat zuzena, legeaz haragokoa baita. Shariak erlijioa, politika, gizarte eta etxeko ohiturak, eta bizitza pribatua, dena hartzen du. Berez, musulman guztiei dago zuzendua, baina musulman gizartean bizi den pertsona orori aplikatzen zaio neurri batean; herrialde musulmanetatik kanpo bizi direnean edo bidaiatzen dutenean, ez daude sharia betetzera derrigorturik. Sharia ez da gizakiarentzat kritikagarri, Jainkoaren nahian oinarritzen baita. Shariaren arauak bi multzotan bana daitezke: elizkizun eta errituei buruzkoak, batetik, eta lege eta politikari buruzkoak, bestetik. Baina halere, shariaren atal gehienek eragin gutxi izan dute, edo batere eraginik ez, musulman gizarte gehienetan, salbu eta islamiartze aldi batean txertatu direnetan (Sudanen, Iranen, Saudi Arabian eta neurri batean, Libian). Baina garrantzi handikoa da etxeko auzietan, hala nola familia, ezkontza edota ondoretasun arazoetan.