Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Segal, George

Estatubatuar eskultorea (New York, 1924). Gurasoak sobietar emigranteak zituen. Ikasketak Cooper Union Eskolan, Pratt Diseinu Institutuan, New Yorkeko Unibertsitatean eta Rutgers Unibertsitatean egin zituen. Margolari gisa hasi zen, pintura abstraktua lantzen, eta 1950eko hamarraldian Pop Art higikundearen baitan sailkatu zuten. Eskultore gisa, berriz, 1960tik aurrera jardun du. Bere obra figuratiboek eman diote ospea; kolore zuriko lanak egin ohi ditu, igeltsuzkoak, eta errealitatean duten neurri berean irudikatzen ditu gauzakiak. Bere lanetako giza irudietarako igeltsuzko moldeak pertsonen hustuketetatik atereak dira, eta tankera osatu gabea edo zabarra erakusten dute; xehetasun gutxiko irudiak dira. Oro har, ezinegona, alienazioa, barnekoitasuna adierazten dute beren jarrera eta keinuekin. Gertaleku arruntetan edo bakartietan daude kokaturik, adibidez igogailuetan, autobusetan, etab., eguneroko bizitzako gauzakiez inguraturik, eta Estatu Batuetako bizimoduaren isla dira. Segalek bere lanetan eguneroko gauzakiak txertatzeko erakutsi duen zaletasunagatik (adibidez 1963ko Emakume bat zangoko ileak kentzen irudian, komuneko gauzakiak eta bizarra mozteko labana) sailkatu izan dute artista pop gisa, baina bestalde Pop Art joera inpertsonalaz haraindi doan malenkonia eta sentimenduak erakutsi ditu, eta alde batera utzi du joera horrek erabili ohi duen ironia. Lan aipagarriak ditu The Diner (1964-1966, Afaria), The Truck (1966, Kamioia), The Laundromat (1966-1967, Garbitegia) eta The Holocaust (1983, Holokaustoa).