Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schommer, Alberto

Arabar argazkilaria (Gasteiz, 1928). Kolonian eta Hanburgon hasi zen, 1952tik aurrera, argazkigintza ikasten, eta 1960an Parisen osatu zuen bere prestakuntza. 1960 aldera ekin zion argazkigintza profesionanari. 1966an, Joaquín Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elguea pintore arabarrekin batera, Orain taldeko kide izan zen; besteak beste, artea eta kultura herritarrei hurbiltzea zuen helburu talde hark, eta Schommerrek ere sinatu zuen ezagutzera eman zuen Manifestua, eta orobat parte hartu zuen Orainek Donostian eta Gasteizen eratu zituen erakusketetan. Schommerrek, bere garaiko pintoreekin harreman estua izateaz gain, arlo horretan ere prestakuntza sakona zuen, eta hasieratik igarri zen hori bere argazkigintzan. Berrogei urteko ibilbidean, izugarrizko aldaketak ezagutu ditu Schommerrek argazkilaritzan: Polaroid-a, kamera konpaktua, teknologia digitala… Argazkigintzaren alor gehien-gehienak landu ditu, nahiz eta bere lanik ezagunenak erretratuen alorrean egin. 1975ean, Los retratos psicológicos izeneko liburua kaleratu zuen. Frankismo amaierako pertsonaien argazkiak kaleratu zituen liburu hartan, eta horren atzetik etorri ziren garai hartako gizartearen galeria paregabea osatzen zuten La Iglesia española en levitación, Grupos políticos eta Desmontaje del Franquismo argazki bildumak. ABC egunkarian lehenik eta El País-en gaur arte, ez dio inoiz utzi unean uneko pertsonaiarik garrantzitsuenen erretratuak argitaratzeari, txuri-beltzean gehienetan, eta pertsonaia aztertzeko gaitasun izugarriaz. Schommerrek hogeita hamar liburutik gora kaleratu ditu, horietako asko gai desberdinei buruzko bilduma moduan. Hor dira, esaterako, Euskal Herriko hiriburuei eskainitako bildumak, Espainikako monumentu nagusiei buruzkoak… Euskal Herriko paisaiak beti izan ditu gogoko. Besteak beste, Azul (1994), Berde (1996) eta Itsasoa (1999) trilogia osatzen duten liburuetan azaldu du zaletasun hori. Hainbat hiriri buruzko saioak ere egin ditu, erreportaje moduan emanak: New York, Erroma, Madril, Habana. Hain zuzen ere, Habanari eskainitako argazki bildumagatik Argazkagintza Sari Nazionala eman zioten 1999an. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kide da, eta bera da argazkigintzak erakunde horretan duen ordezkari bakarra. Egun, Espainiako argazkilaririk ezagunenetakoa da Alberto Schommer nazioartean, eta bere lanak munduko museo garrantzitsuenetan daude ikusgai.