Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sarandon, Susan

(Jaiotza izena, Susan Abigail Tomalin). Estatubatuar antzezlea (New York, 1946). Antzerki ikasketak egin zituen, New Yorkeko Catholic Universityn. Han ezagutu zuen Chris Sarandon, 1967-1979 bitartean senarra izango zuena. Joe, amerikar herritarra satira politikoan egin zuen debuta, 1970ean, drogazale baten papera jokatuz. Hollywooden zenbait filmetan bigarren mailako paperak egin ondoren, The rocky horror picture show filmean jokatu zuen paperak antzezleen, kritikaren eta ikusleen oniritzia jaso zuen, antzezpenaren indar handiagatik. Estatu Batuetako zinemako emakume ospetsuenetako bat da; adinean aurrera egin ahala hobekien moldatu denetako bat. Film aipagarrienak: Atlantic City (1980, Louis Malle); Irrika (1983, Tony Scott); Durhameko bufaloak (1988, Ron Shelton); Thelma eta Louise (1991, Ridley Scott); Bob Roberts herritarra (1992, Tim Robbins); Bizitzaren olioa (1993, Geroge Miller); Emakumeak (1994, Gillian Armstrong); Bezeroa (1994, Joel Schumacher); Heriotza zigorra (1995, Tim Robbins). 1996an antzezle onenaren Oscar saria jaso zuen Heriotza zigorra filmean egindako lanarengatik.