Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saramago, José

(Jaiotza izena, José de Sousa). Portugaldar idazlea (Azinhaga, Ribatejo, 1922). Hamar urterekin Lisboara joan zen bizitzera bere familiarekin. Bigarren mailako ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen, gurasoek eskolak ordaintzeko dirurik ez zutelako. Lanbide Heziketako eskolan sarrailagile mekanikoaren ofizioa ikasi zuen. 1940an Lisboako erietxe zibiletako lantegietan hasi zen lanean, sarrailagile gisa, harik eta 1942an erietxeotako administrazioko zerbitzuetara deitu zuten arte. 1943an administrazio buru gisa hasi zen lanean, zeramikako industriako langileen Familien Laguntza Kutxan lehenbizi, eta industria metalomekanikoarenean gero. Bi enplegu horien artean, lehen eleberria argitaratu zuen, Tierra do pecado (1947). Garaitsu hartan kezka politikoa piztu zitzaion. Halaber, Café del Chiadoko lieteratura tertulietara joaten hasi zen, eta Isabel de Nobrega poetarekin elkartu zen. 1955. urteaz geroztik Estudios Cor argitaletxearentzat lan egin zuen. 1966an bere bigarren obra argitaratu zuen, Os poemas possiveis poesia liburua. 1969an Portugaleko Alderdi Komunistako kide egin zen. Urtebete geroago Probablemente alegría argitaratu zuen, eta 1971n Desta mundo e do outro, zenbait egunkaritan argitaraturiko kronika bilduma bat. 1974ko Krabelinen Iraultzaren ondoren, Informazio ministerioan lan egin zuen, eta Lisboako Diaro de Noticias egunkariko zuzendarikide izendatu zuten. Hala ere, handik gutxira egunkaria utzi zuen itzulpenak egitetik bizi izan zen garai batean. Urte hartan bertan O año de 1993 argitaratu zuen, kritikarientzat Saramago alegia idazlearen hasiera dena. 1977an Manual de pintura e caligrafía kaleratu zuen, fikzio hutsezko lehen obra; urtebete geroago, Objeto Quase ipuin bilduma, eta 1979an, enkarguz, A noite antzerki lana. 1980an Levantado do Cho eleberriarekin bere literatura kalitatea ezagutzen zion lehen saria jaso zuen, Lisboako Hiria saria, hain zuzen. 1982an atera zen Portugaletik, Memorial do convento liburuarekin, eta Pen Club saria irabazi zuen. Izen handiko idazle bihurturik, 1984an O ano da morte de Ricardo Reis eta 1986an A Jangada de pedra argitaratu zituen. 1991n El Evangelio según Jesucristo eleberria aurkeztu zuen Lisboan; Portugaleko kultura ministerioak betoa jarri zion liburuari Portugaleko erlijioarentzat eta agintaritzarentzat laidogarri zelakoan. 1995ean, Ensayo sobre la ceguera liburua argitaratu eta bost egunetara, Camões saria jaso zuen, Portugaleko literatura sari nagusia. 1998an Literaturako Nobel saria jaso zuen. Beste lan aipagarri batzuk: A segunda morte de Francisco Assis. Poetica dos cinco sentidos y O ouvido (1979); Que farei com este livro (1980); Viagem a Portugal (1981); In nomine Dei (1993); Todos los nombres (1998); Lisboako setioa (1999, Jon Alonsok euskaratua).