Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sánchez Ferlosio, Rafael

Espainiar eleberrigilea (Erroma, 1927). Rafael Sánchez Mazasen semea. Hogeita lau urte zituela egin zen ospetsu Industrias y andanzas de Alfanhuí (Alfanhuíren trebetasunak eta ibilerak) lanarekin. Eleberri horren ondoren El Jarama (1955) argitaratu zuen. Lan horri esker Nadal saria irabazi zuen. Eleberrian igande goiz batean bi lagun taldek hiritik kanpo bizi dituzten pasadizoak kontatzen dira; gerra ondoko eleberri garrantzitsuenetakotzat hartua da, “literatura objektibo” delakoari bidea zabaldu baitzion. Hogei urtean ez zuen eleberririk argitaratu, eta gramatika inguruko ikerketetan aritu zen buru-belarri. Hala, 1974an, Las semanas del Jardín (Lorategiko asteak) kaleratu zen. Bi liburukik osatzen dute lan hori, eta hizkuntzarekin saioak egiten ditu bertan. 1982 eta 1983an argitaratu zituen El huésped de las nieves (Elurretako ostalaria) eta El escudo de Jotán (Jotánen ezkutua) hurrenez hurren. 1986an El retorno de Yarfoz (Yarfozen itzulera) eleberri autobiografikoa kaleratu zuen. 1994an, denboraldi batez ezer argitaratu gabe egon ondoren, Vendrán más años malos y nos harán más ciegos (Urte txar gehiago etorriko dira eta itsuago egingo gaituzte) argitaratu zuen. Hainbat sari irabazi zituen lan horrekin, besteak beste Saiakera Sari Nazionala. 1997an Archipiélago aldizkariak Sánchez Ferlosiori buruzko ale monografiko bat argitaratu zuen, eta egilearen argitaratu gabeko lanak ere kaleratu zituen: Tópicos. El peso de la Historia (Topikoak. Historiaren pisua) eta La forja de un plumífero (Idazle baten forja) autobiografia lanak. Astero idazten du El País egunkarian.