Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salvador, Iñaki

Gipuzkoar pianista eta musikagilea (Donostia, 1962). Euskal Herriko eta Espainiako jazzean izen ospetsu eta aipagarrienetakoa. Euskal Herrian bertan hasi zituen piano, soinu eta konposizio ikasketak, eta ondoren hainbat maisu eta interpretatzailerekin aritu zen: Zé Eduardo, Daniel Roth, Lluis Vidal, Jean Luc Vallet, Dave Liebman, Richie Beirach, Billy Hart…. Interpretatzaile eta artista ugarirekin lan egin du (Mikel Laboa, Oskorri, Luis Eduardo Aute…), musikari, moldatzaile eta estudioko laguntzaile gisa. Konposizioaren arloan telebistarako eta zinemarako lan egin du: Maité eta Sí quiero Carlos Zabala eta Eneko Olasagastiren filmei musika jarri die, baita Arantxa Lazcanoren Urte ilunak lanari ere. Antzerkirako musika ere egin du, esaterako, Ur taldearen Romeo y Julieta lanari musika jarriz. Jazzlari gisa, Kursaal taldearen sortzaile izan zen, eta Iñaki Salvador Trío taldeko burua da. Gaur egun irakasle lanetan ari da Donostiako Musika eta Dantza Eskolan.