Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salustio, Caio Crispo

Erromatar historialaria eta politikaria (Amiterno, K.a. 86 - K.a. 35). Tribuno eta pretore izan zen. K.a. 50. urtean senatutik bota zuten, baina Zesarren laguntzarekin berriro onartu zuten. Zesarri Afrikara lagundu zion eta Numidiako gobernari izan zen. Ondasun asko eskuratu zituen eta estatuaren kontura aberastu zelako salatu zuten, baina berriro ere Zesar haren alde atera zen eta ez zuten zigortu. Zesar hil ondoren Erromara itzuli eta politika alde batera utzi zuen; Quirinalen eraiki zuen egoitza aberatsera erretiratu zen historia lanak idaztera. Tuzididesen dizipulua izan zen; hizkuntza arkaikoa eta zehaztasun handiko estiloa, dramatismo bizikoa, erabili zituen bere lanetan. Erromatar historiografiaren oinarriak finkatu zituen greziarren moldeak alde batera utzirik. Lan nagusiak: De coniuratione Catiliniae, Bellum Iugurthinum eta Erromako historia, osorik gorde ez dena.