Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sáenz de Oiza, Javier

Nafar arkitektoa (Caseda, 1918 - Madril, 2000). XX. mendeko euskal arkitektorik aipagarriena da, nazioartean ere sona handia lortutakoa. Lanean hasi zenetik izan zen arkitekto berritzaile eta originala eta, horrexegatik, polemikoa, aniztasuna eta arriskua izan baitira beti bere lanen ezaugarri nagusia. Bizitzako azken urteetan ere lan aipagarriak egin zituen: 1986an, lau urte geroago inauguratu zen Santanderko Jaialdi Jauregia proiektatu zuen eta, 1993an, Sevillako Triana Dorrea. Jorge Oteiza eta Rafael Moneorekin batera, Bilboko Arte Ederretako Museoan ere parte hartu zuen. Sari ugari jaso zituen Sáenz de Oizak bere karrera luzean zehar. Besteak beste, 1954ko Arkitektura Sari Nazionala Donejakue Bidean eginiko kapera batengatik; Antonio Camuñas Arkitektura saria 1989an, eta Madrilgo Udalaren Arkitektura eta Hirigintza saria 1991n M-30eko etxebizitzengatik. Bi aldiz finalista izan eta sariaren atarian geratu ondoren, 1993an eman zioten Arteetako Asturiasko Printzearen saria. Eskuartean izan zuen azkeneko lanetako bat Jorge Oteizari eskainitako museoa izan zen.