Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sábato, Ernesto

Argentinar idazlea (Rojas, 1911). Fisika eta matematikako ikasketak egin zituen La Plata-ko unibertsitatean, eta Parisen (1937) eta Massachussetts-en jarraitu zituen. Argentinara itzulirik, La Plata-ko unibertsitateko irakasle izan zen 1940-1945 bitartean. Garai hartan hasi zen literatura lanak idazten La Nación egunkarian. 1945ean unibertsitateko kargua utzi behar izan zuen, Perón-en gobernuaren aurkakoa zelako, eta urte hartan bertan idatzi zuen Uno y el universo (Bat eta unibertsoa), filosofia, politika eta gizarte gaiei buruzko aforismo eta ohar bilduma. 1947an El Túnel (Tunela) eleberria idatzi zuen; lan hark ospetsu egin zuen nazioartean. Eleberri horretako protagonista besterekin harremanetan jartzeko erabateko ezintasuna duen antiheroia da, giza izatearen absurduaren aurrean bere baitara biltzen dena. 1955ean, Perón-en agintea amaiturik, El otro rostro del peronismo (Peronismoaren beste aurpegia) idatzi zuen. Liburu hura eta El caso Sábato (1956, Sábato auzia), ezinbesteko dira Perón-en mugimenduaren benetako izaera ezagutzeko. 1961ean idatzi zuen bigarren eleberria, Sobre héroes y tumbas (Heroiei eta hilobiei buruz). Saiakera liburuetan landutako psikologia eta filosofia gaiak gorpuztu zituen eleberri horretan. 1968an, Alain Robbe-Grillet, Jorge Luis Borges eta Jean-Paul Sartre idazleei buruzko lan kritiko bat idatzi zuen, Tres aproximaciones a la literatura de nuestro tiempo (Gaurko literaturara hurbiltzeko hiru saio). 1974an Abaddón el exterminador (Abaddón deuseztatzailea) eleberria idatzi zuen eta 1983an Nunca más (Inoiz ez berriro).