Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sabatini, Gabriela

Argentinar tenis jokalaria (Buenos Aires, 1970). 1983an ezagutu zuen Patricio Apey txiletar tenis jokalari eta entrenatzailea, baina urtebete baino ez ziren egon elkarrekin, Sabatiniren ustez hark ematen zion prestakuntza teknikoa ez baitzen egokia. Hurrengo entrenatzailea Ángel Jiménez izan zuen. 1986an Argentinako Irekia irabazi zuen Arantxa Sánchez Vicarioren kontra. Urte horretan bertan Roland Garroseko finala galdu zuen Steffi Grafen kontra. 1987an hainbat txapelketatan parte hartu zuen, hala nola Frantzia, Britainia Handia eta Estatu Batuetako irekietan; final erdietara iritsi zen lehenengoan. Urte horretan bertan, Grafen bikotekide zela, Frantziako Irekiko finaletara iritsi zen. Martina Navratilova ere izan zuen bikotekide, eta Italiako irekia irabazi zuen harekin. 1988an, 18 urte zituela, emakumezkoen Masters-a irabazi zuen. 1990ean Estatu Batuetako Irekia irabazi zuen Steffi Grafen kontra, eta 1992an Italiako Irekia. 1994an New Yorkeko Madison Square Gardenen garaile izan zen Lindsay Davenporten kontra.