Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ryman, Robert

Estatubatuar margolaria (Nashville, Tennessee, 1930). 1952an New Yorkera aldatu zen, musikarako zaletasunak erakarrita (saxoa jotzen zuen), baina hara iritsi eta berehala hasi zen margolaritzan. 1950eko hamarraldian zehar hainbat lan egin zituen New Yorkeko Arte Modernoko Museorako, eta liburutegi baten arte sailerako; lan horiek eta Lucy Lippard arte kritikariarekin ezkondu izanak eman zioten prestaketa artistikoa. Adierazpen errealistak alde batera utzirik, margolaritza hutsa landu du, autoerreflexiboa, pinturaren ezaugarri oinarrizkoenak ikertuz. Lehen koadro eta collageetan, 1955 ingurukoetan, materialarekin, koloreekin eta pintzelkadarekin esperimentatu zuen, margolaritza prozesuaren ikerketa harturik bere produkzioaren gai nagusitzat. 1965. urte inguruan, ordea, koloreak alde batera utzi eta zuria bakarrik erabiltzen hasi zen; zuriaren ñabardurekin beste kolore guztiak iradoki zituen Rymanek. Harrezkero, gardentasun, trinkotasun, tonu eta argitasuna euskarriaren eta pintzelkadaren arabera aldatu izan ditu. Margolaria ikertzaile zientifikoaren mailara eramanez, tankera, ehundura, ertz, euskarri eta distiraren arabera lor daitezkeen ikusmen efektuak ikertu ditu Rymanek, eta garrantzi handia eman die xehetasun guztiei, piezaren perzepzioan duten eraginagatik. Erakusketa garrantzitsuak egin ditu Europan eta Amerikan. Kasseleko zenbait Documenta erakusketetan parte hartu du (1972, 1977 eta 1982) eta atzera begirako erakusketak egin ditu Amsterdam (1974), Zurich, Paris eta Düsseldorfen.