Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rújula Galardón, Álvaro de

Espainiar zientzialari, ikertzaile eta fisikaria (Madril, 1944). Filosofia eta fisikako ikasketak bere sorterrian egin ondoren, Triestera eta Parisa joan zen bere ezagutzak sakontzera. Espainiara itzuli zelarik, ikertzaile gisa jardun zuen Energia Nuklearreko Batzordean. Geroago Harvardeko Unibertsitatera aldatu zen, eta oinarrizko partikulei (quark) buruzko ikerketak egin zituen, arrakasta handiz, hainbesteraino non bera izan baitzen 1970eko hamarraldian energia garaien fisikan gertaturiko iraultzaren eragileetako bat. 1978. urtean Partikulen Fisikaren Europar Laborategian (CERN) sartu zen, eta Fisikako Nobel saridun Carlo Rubbiaren zuzendaritzapean lan egin zuen. Gaur egun CERNeko hamar teorialari iraunkorretako bat da Rújula, eta aldi berean eskolak ematen ditu Bostoneko Unibertsitatean, irakasle titular gisa; bere proiektuen artean aipagarriak dira beste partikulen masaren erantzule den Higgs bosoi partikulari buruzko ikerketa, eta Espainian partikula azeleragailu bat ezartzearen bideragarritasunari buruzko txostena. Ospe handiko ikertzailea da nazioartean, bai bere metodoen originaltasunagatik, eta baita Europako eta Amerikako aldizkari, egunkari eta liburuetan argitara emandako artikulu eta marrazkiengatik ere.