Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rubbra, Edmund

Britainiar musikagilea (Northampton, 1901 - 1986). Eskolako ikasketak amaitu ondoren burdinbideetako langile gisa jardun zuen; musikari dagokionez, bere kasa egin zituen ikasketak, nahiz eta azkenean beka bat lortu eta Gustav Holstekin ikasi zuen. Cyril Scott eta Ralph Vaughan Williams ere izan zituen irakasle. Rubbra musikagile gisa da batez ere ezaguna, baina musikaren beste alor batzuk ere landu zituen. Ganbera musikan, esaterako, piano hirukote bat osatu zuen, Pleeth eta Gruenbergekin, Bigarren Mundu Gerraren garaian. Hirukotea utzi ondoren Oxfordeko irakasle izan zen, eta 20 urtetik gora eman zituen zeregin horretan. Zaletasun berezia zuen XVI. eta XVIII. mendeetako musika polifonikorako, eta horixe ikus daiteke bere konposizioetan, baina lirismorako zuen berezko dohaina, eta forma berrien sorkuntza bateratzeko konpromisoa eta kezka erakutsi zuen beti. Bere estilo polifonikoan nabarmentzekoa du mistizismo katolikoaren eragina; lirikoa eta erromantikoa da, eta egituraren eta kontrapuntuaren kezka ageri du. Bestalde, egile ingeles kontserbadoreen saileko musikagiletzat har daiteke, nahiz eta sekula ez zuen ahaztu langile klaseko kidea zela, eta budismoaren eragina nabarmendu zuen (katoliko erromatar egin zen 1948an baina gerora budismoak eta taoismoak erakarri zuten). Bere lanen artean azpimarratzekoak dira hamaika sinfonia, ahotserako hainbat lan (Missa Cantriarensis) eta ganbera musikako lanak.