Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rostov na Donu

Errusiako hego-mendebaleko hiria eta portua, izen bereko eskualdeko (100.800 km2 eta 4.187.000 biztanle) hiriburua, Don ibaiaren bokalean, Azov itsasoaren ertzean. 1.127.600 biztanle. 1917. urtean sortutako unibertsitatea. Aireportua. Burdinbide eta errepidegune garrantzitsua. 1952. urtean eraikitako Volga-Don ibaien arteko ubideari esker jarduera handiko portu bihurtu da hiria (Errusia erdialdearen eta iparraldearen arteko merkataritzarako komunikabidea). Industria (nekazaritza jarduerarako makineria, burdinbide gaiak, ontziolak, kimika industria, petrolio findegiak, janari industria, metalurgia, tabakogintza) da ekonomia jarduera nagusia. v Historia. 1749. urtean sortu zuten hiria eta 12 urte geroago gaztelua eraiki zuten. Gazteluaren inguruan garatu zen hiria eta XIX. mendean garrantzi handia lortu zuen Errusiako barnealderako merkataritza jarduerarako zituen komunikabide erraztasunei esker (Don ibaiaren bidezko garraioa). 1952. urtean zabaldu ziren Volga eta Don ibaien arteko ubidea eta Azov itsasorakoa.