Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Romains, Jules

(Jaiotza izenaz Louis Farigoule). Frantses idazlea (Saint-Julien-Chapteuil, Haute-Loire, 1885 - Paris, 1972). Unanimismoaren dotrina ezagutarazi zuen XX. mendearen hasieran, norbanako multzo batek arima komuna duelako ustea. Garai hartan argitaratu zituen L’âme des hommes (1904, Gizakien arima) eta La vie unanime (1908, Bizitza baterakoa) poesia bildumak. Unanimismoaren gaia erabili zuen, halaber, Odes et prières (1913, Odak eta otoitzak) poesia bilduman, Mort de quelqu’un (1911, Baten heriotza) eta Les copains (1913, Adiskideak) eleberrietan. Arrakasta handia lortu zuen, aldi berean, antzerkirako prestatu zituen lanekin: Monsieur Le Trouhadec saisi par la débauche (1923, Gehiegikeriak bultzatutako Trouhadec jauna) eta, batez ere, Knock ou le triomphe de la médecine (1923, Knock edo medikuntzaren garaipena). Handik aurrera bere bizitzako lanik handiena idazten hasi zen, 27 liburukitan bildu zuen Les hommes de bonne volonté (1932-1956, Borondate oneko gizakiak) literatura lana. Obra horretan xehetasun handiz deskribatzen du bere garaiko frantses gizartea. Bere bizitzako azken urteetan ohiturazko eleberri multzo bat idatzi zuen: Une femme singulière (1957, Emakume berezia), Le besoin de voir clair (1958, Argi ikusteko beharra) eta Mémoires de madame Chauverel (1959, Chauverel anderearen memoriak). Harenak dira, halaber, Lettres à un ami (1964-1965, Gutunak lagun bati) eta Amitiés et rencontres (1970, Adiskidetasunak eta topaketak) biografia lanak.