Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodin, Auguste

Frantses eskultorea (Paris, 1840 - Meudon, 1917). Historia eta literaturako ikasketak egin zituen Frantziako Eskolan eta dekorazio ikasketak Carpeaux maisuaren zuzendaritzapean. Hiru aldiz ukatu zioten Arte Ederretako akademian sartzea eta, 1864. urtean egin zen Erakusketan bere Sudurra hautsitako gizona eskultura baztertu ziotelarik, dekorazio lanak egiten hasi behar izan zuen, diruz urri bizi baitzen. 1875. urtean Italiara joan eta Michelangelo pintore handiaren obrak sakonki ezagutzeko egokiera izan zuen, 1877. urteko Erakusketan aurkeztu zuen Brontze Aroa estatuan ageri den bezala. Parisko Dekorazio-Artearen museorako atea egiteko agindua jaso zuen hiru urte geroago (Infernuko Atea) baina ez zuen amaitu obra handi hori. Aipatutako aterako hainbat gai landu zituen, neurri handiagotan: Itzalak (1880), Musua (1886) eta Pentsalaria (1888). Calais-eko burgesak izeneko monumentua egin ondoren (1884-1886), Victor Hugo eta Balzac idazleei eskainitako monumentuak zizelatu zituen maisutasun handiz. Garai hartakoak dira, halaber, Claudio Lorrenakoa (1889), Sarmiento Lehendakaria (1895), Napoleon, Carrière eta Puvis de Chavannes-i eginak. Eskultoreak adierazpen ahalmenik gorena lortu zuen, bestalde, zenbait pertsonari eginiko eskulturetan (Clemenceau, Shaw, Rochefort eta Noailles-eko kondesarenak). Parisko Biron gazteluan dago Rodinen museoa.