Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rio Grande

(Río Grande del Norte, Río Bravo edo Río Bravo del Norte ere deitua). Ipar Amerikako ibaia, munduko lurralde horretako bosgarrena luzeran. 3.034 km (445.000 km2 hartzen ditu haren arroak). Mendi Harritsuetan sortzen da, 3.700 m-ko garaieran, Colorado-ko estatuaren hego-mendebalean (San Juan mendiak), eta Mexikoko golkoan itsasoratzen da, delta zabal batean, Matamoros (Tamaulipas, Mexiko) eta Brownsville (Texas, Estatu Batuak) hirietatik igaro ondoren. New Mexico estatua ipar-hegoalde igaro ondoren, El Paso (Texas) eta Ciudad Juárez (Chihuahua, Mexiko) hiriak jo eta handik aurrera Estatu Batuen (Texas) eta Mexikoren (Chihuahua, Coahuila, Nuevo Leon eta Tamaulipas) arteko muga eratzen du, 1.995 km-tan zehar. Pecos ibaia (1.183 km), Devils, Chama eta Puerco ibaiak dira ezkerraldeko adar nagusiak, Estatu Batuetan, eta Conchos, Salado eta San Juan ibaiak eskuinaldean, Mexiko aldean hiruak. Arroil handi sakonak eratzen ditu ertzetan, bai Estatu Batuetan. Lur behereak zeharkatzen ditu handik itsasorainoko bidean. Urtegi handiak antolatu dira ibai horren ibilguan zehar, igarotzen dituen lurralde idorren mesedetan (Elephant Butte, New Mexico; Amistad, Falcón eta La Azúcar urtegiak, muga aldean). Albuquerque (New Mexico), El Paso (Texas) eta Ciudad Juarez (Chihuahua) dira Rio Grande ibaiaren ertzeko hiri nagusiak. Ontziak ibil daitezkee Matamoros-ko hiritik aurrera, bokalean. v Historia. Alvar Núñez Cabeza de Vaca itsasgizon espainiarrak aztertu zituen Rio Grande ibaiaren aldeko lurrak 1536-1537 urteetan eta Mexiko-ko erregeordetzaren mende egon ziren XX. mende hasiera arte. 1848an zehaztu zen Mexikoren eta Estatu Batuen arteko muga Rio Grande ibaiaren bi aldeetara, egun dagoen bezala.