Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rio de Oro

Mendebaleko Saharako hegoaldeko lurraldea, Bojador eta Blanco lur muturren artean. 184.000 km2 inguru, Mendebaleko Saharako hedadura osoaren bi heren. Hiriburua: Dakhla (espainiarrek Villa Cisneros deitua; 17.309 biztanle). Basamortuak hartzen du lurralde guztia. Klima oso idorra da eta, oso handiak dira tenperatura aldeak barnealdeko zenbait lekutan: 0 °C gauean eta 65 °C arratsaldean. Biztanleak berberiarrak dira, beltzekin nahasiak batzuetan, eta musulmanak. v Historia. Herri berberiarrak bizi dira aspaldidanik Rio de Oro aldean. 1346an lehorreratu ziren portugaldarrak Dakhla-ko badian eta Rio de Oro izena eman zioten alde hari, Afrika mendebaletik ekarritako urre merkataritzan aritzen zirelako. 1884an iritsi ziren espainiarrak eta nagusi geratu ziren, Saguia el Hamra (Mendebaleko Saharako iparraldea) izeneko lurraldean bezala. Espainiarrek alde egin ondoren (1976ko otsaila), Marokoko estatua jabetu zen Mendebaleko Saharako iparraldeko lurrez, eta berebat egin zuen Mauritania Rio de Oro-ko lurretan (Dakhla-ko hiritik hegoaldera). 1976an sortu zen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, eta Fronte Polisarioa (Frente Popular para la Liberación de Saguia el-Hamra y Rio de Oro izen espainiarraren akronimoa da “Polisario”) gogor hasi zen bi gudaroste horien aurka. 1979an Mauritaniak Rio de Oro utzi eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ezagutu zuen. Marokoko gudarostea jabetu zen, ordea, lurralde hartaz, eta han jarraitzen du egun ere, Fronte Polisarioaren erasopean. Munduko hirurogeita hamar estatuk onartu dute dagoeneko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa.