Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Riley, Bridget

Britainiar pintorea (Londres, 1931). Op Art higikunde horretako margolari aipagarrienetako bat. Forma abstraktuzko irudi konplexuak sortu zituen efektu optiko deigarriak lortzeko. Bridget Riley Londresen jaio zen eta Londresen bertan egin zituen ikasketak; marrazkilari gisa espezializatu zen. 1950eko hamarraldiaren bukaerako lanetan Georges Seuraten puntillismoaren eragina antzeman daiteke. Izan ere, Maurice de Sausmarez pintoreak –Rileyren obraren miresle handia– Seurat aztertzera bultzatu baitzuen. Dena dela, Rileyk 1960ko hamarraldian egin zituen koadro abstraktuen bidez lortu zuen ospea. Hasierako etapa puntillistaren ondoren, 1960tik aurrera kolore lauekiko eta gainalde zabaleko pintura egin zuen, zuri-beltzeko obra ugari egiten hasi aurretik, 1961-1965 bitartean. Aurrerago, bigarren aldian, forma geometrikoko sailak egin zituen, batetik bestera tamaina eta forma pittin bat aldatuz, mugimendua adierazteko. Horren erakusgarri aipagarrienetako bat Erorikoa da (1963, Londres). 1960ko hamarraldiaren bukaeran beste mekanismo optiko batzuk saiatu zituen: kolore osagarri garbiko lerroak bata bestaren ondoren margotuz kolore banakoen perzepzio argia aldatzen zuen. 1970eko hamarraldian zehar kolore gama zabaldu zuen, zuria eta beltza barne. Abstrakzio maila handia bada ere, Rileyren obrek bere munduaren ikuspegia erakutsi nahi dute, Egiptoko bidaia baten ondoren 1980an egin zuen pintura sailean ikus daitekeen bezala. Rileyk eragin handia izan du Op Art joeraren bilakaeran: eragin handia izan zuen herrialde askotako artistengan, eta laguntzaile asko izan zuen, bere lanak bere diseinu eta argibideen arabera bukatzen zituztenak. XX. mende bukaerako arte gehienean bezala, Rileyren obran ere lanaren osagai kontzeptuala lanaren beraren kualitate indibiduala baino garrantzitsuagoa izatera iritsi zen.