Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rikardo

Ingalaterrako hiru erregeren izena. v Rikardo I.a. (Rikardo Lehoi Bihotz deitua). Akitaniako dukea (1169-1199), Poitiersko dukea (1172-1199) eta Ingalaterrako erregea 1189-1199 urteetan (Oxford, 1157 - Châlus, Limousin, 1199). Henrike II.aren eta Eleonor Akitaniakoaren hirugarren semea zen, Joan Lur Gabearen anaia. Hamaika urte zituela jaso zuen amarengandik Akitaniako duke titulua eta haren mende geratu ziren egungo Ipar Euskal Herria eta Gaskoina. Ondorengo urteetan eraso latzak bideratu zituen duke ingelesak Lapurdiko kondearen aurka (1177an bereizi zuen Baionako hiria gainerako Lapurditik eta 1193an geratu ziren Lapurdiko lurrak Akitaniako dukearen mendean. Nafarroako koroaren esku geratu ziren, ordea, ordu arte Lapurdiri loturik egon ziren egungo Nafarroa Behereko lurraldeak). 1173-1174 urteetan aitaren aurka egin zuen, anaiekin batean, eta aitak menderatu zuen Akitaniako lurretan. Barkatu zuen aitak eta duke gisa iraun zuen. 1175ean Okzitaniako Tolosako kondea menderatu zuen. 1183an berriro zapaldu zuen akitaniarrek haren kontra bideraturiko matxinada bat, eta haren ondoren Frantziako Filipe II.a Augustorekin aliatu zen aitaren eta anaien aurka. Laguntza hartaz baliatuta, 1188an aitari nagusitu zitzaion, eta Ingalaterrako koroa beretzat izatea ezarri zion baldintza Henrike II.ari bizirik iraungo bazuen. 1189an hil zen aita, eta errege izendatu zuten. Frantziako erregearekiko aliantza alde batera utzi eta aspaldiko nahi bati ekin zion berehala: Lur Santura joan eta Saladino buruzagi musulmana preso hartu. 1190. urtean abiatu zen Sizilia aldera Hirugarren Gurutzadako buru. 1191n San Joan Akreko gotorlekua hartu zion Saladinori. Urte hartan bertan ezkondu zen Berengaria Nafarroakoarekin Zipreko Limasol hirian. Frantziako errege Filipe II.a Augusto Hirugarren Gurutzada hartan ari zen, halaber, baina bertan behera utzi zituen hango guztiak Ingalaterrako erregearekin inola moldatzerik ez zeukala. Frantziara itzuli eta Joan Lur Gabearen alde jarri zen anaiari Ingalaterrako koroa ken ziezaion. 1192an, anaia azpijokoan ari zela jakin orduko, Saladinoren aurrean kristauen aldeko hainbat pribilejio lortu eta Ingalaterrara itzuli zen Rikardo Lehoi Bihotz. Preso hartu zuen Leopoldo dukeak Vienako hirian eta, bahitura sari izugarri handi bat ordaintzeaz gainera, omenaldi egin behar izan zion Rikardo Lehoi Bihotzek Henrike VI.a Germaniako enperadoreari. 1194an iritsi zen Ingalaterrara eta, gobernua Hubert Walter Canterbury-ko artzapezpikuaren eskuetan utzirik, anaiari barkamena eman eta Normandia aldera igaro zen, Filipe II.a Augusto Frantziakoak kenduriko lurrak berreskuratzeko asmoz. Limoges aldeko Châlus-ko gazteluaren setioan hil zen 1199an. Politika eta zaldun egitekoetan nabarmendu zen Rikardo Lehoi Bihotz, harreman onak izan zituen Antso VI.a Jakituna Nafarroakoarekin eta herriaren aurrean ospe handia izan zuen bizi zela, Palestinan lorturiko garaipenen oroimenez. Poesia lirikoa zuen gogoko eta trobadoreek heroi bihurtu zuten berehala. Ez zuen seme-alabarik izan; homosexuala zen eta itxura hutsa izan ziren bere emazte Berengariarekin izan zituen harremanak. v Rikardo II.a. Ingalaterrako erregea eta Akitaniako dukea 1377-1399 urteetan (Bordele, 1367 - Pontefract, Yorkshire, 1400). Eduardo Printze Beltzaren semea zen, eta Eduardo III.a aitonaren lekua hartu zuen. Joan Gantekoa osaba eta Lancasterko dukea izan zuen erregeorde adin nagusira heldu arte. Ehun Urteko Gerra garaia zen eta 1381ean laborariak matxinatu ziren erregearen aurka, Wat Tyler buru zutela, herriari ezarri zitzaizkioen gehiegizko zergak zirela eta. Haserre hura bera, erlijio kutsuaz oraingoan, adierazi zuten lollard edo Wyclif-en jarraitzaileek garai bertsuan. Rikardo II.a nobleen eta Parlamentuaren aurka borrokatu zen eta absolutismoa ezartzen saiatu zen. Kanpo arazoetan, hurbiltze ahaleginak egin zituen Frantziako koroaren aurrean. Aginpide gehiegikeria izan zuen azkenean oztopo nagusia eta nobleak aurka matxinatu eta Henrike Lancasterkoa (Henrike IV.a) ezarri zuten errege. Pontefract-eko gazteluan hil zen, preso zegoela. William Shakespearek errege horri buruzko drama bat idatzi zuen (1595-1596, Richard II). v Rikardo III.a Plantagenet. (Gloucester-ko dukea ere deitua). Ingalaterrako erregea 1483-1485 urteetan (Fotheringhay Castle, Northamptonshire, 1452 - Bosworth, Leicestershire, 1400). York familiako azken erregea izan zen. Rikardo York-eko dukearen semea zen eta Gloucester-ko duke egin zuten 1461ean. 1471n Lancaster-ko gudarostea menderatu zuen eta parte hartu zuen Henrike VI.aren hilketan. 1483an, bere anaia Eduardo IV.a hil ondoren, erregeorde jarri zen eta Eduardo V.a eta bilobak hil zituen. Rikardo III.aren etsaiak Henrike Tudor-en (Henrike VII.a) inguruan bildu ziren eta Bosworth-eko guduan menderatu eta hil zuten. Guztiz ospetsu bihurtu zen Rikardo III.ak, Bosworth-eko guduan galdu baino lehen, oinezkoek bezala borrokatzera beharturik, guztiz larriturik, egin omen zuen oihua: “Zaldi bat, zaldi bat, nere erreinuaren truke!”. William Shakespearek errege horri buruzko drama bat idatzi zuen (1592-1592, Richard III).