Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rijeka

(It. Fiume). Kroaziako ipar-mendebaleko hiria eta portua, Adriatikoaren ertzean, Kvarner-ko itsasertzearen gibelean. 159.433 biztanle. Jugoslavia ohiko portu handiena da (merkataritza eta itsas armada). Industria hiri garrantzitsua (ontziolak, papergintza, janari industria, ehungintza eta petrolio findegiak). XIII. mendeko gaztelua eta XIV. mendeko elizak. Unibertsitatea.  v  Historia. Erromatarren inperioaren garaian (iii. m.) Tarsatica izena izan zuen. Abaroek eta eslaviarrek berriro eraiki zuten hiria VI-VII mendeetan, eta Karlomagnoren osteek suntsitu zuten 800. urte aldera. X. mendean berriro eraiki zuten Rjecina ibaiaren eskuinaldea eta 1471. urtean Austriako inperioaren barnean geratu zen. XVIII. mendean sortu zen Rijeka-ko portu librea; 1776an Kroaziari lotu zitzaion eta 1779tik 1809 arte Hungariako koroaren mendeko hiri autonomo gisa jardun zuen. 1809an frantsesek hartu zuten eta 1814an ingelesek. Austria, Hungaria eta Kroaziako erresumen barnean egon zen Lehen Mundu Gerra arte, eta 1918an Jugoslavia berriko hiri bihurtu zen. 1924an Italia jabetu zen hiriaren alde handienaz eta 1943an alemaniarren eskuetara igaro zen. Jugoslaviako partisanoek askatu zuten 1945eko maiatzean. Kroaziako estatuko portu nagusia da gaur egun.