Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rift arroa

(Afrikako eta Arabiako Rift arroa ere deitua). Asiako hego-mendebaleko Jordan haranetik Afrikako hego-ekialderaino, Zambezi ibaiaren bokaleraino, zabaltzen den lur-arraildura, munduko luzeena. 6.400 km luze eta 48-64 km zabal da. Jordan ibaia, Itsaso Hila eta Akaba-ko golkoa daude iparraldean; Itsaso Gorrian barrena segitzen du eta, Danakil-etik aurrera Etiopiako sakonunea igaro ondoren, Kenian sartu (Rift Valley Province) eta aurrera egiten du hegoaldera, Indiako Ozeano aldera, Tanzaniako eta Mozambikeko lurretan barrena. Haran izugarri handi horren sakonera 600-900 m-koa da batez beste, baina hondoa 2.700 m-koa da gune batzuetan. Pliozeno eta Pleistozeno aldietan eratu zen Rift arroa eta garai bertsuetan osatu ziren, lur barneko suek eragindako erupzioen ondorioz, inguru horretako mendi garaiak: Kilimanjaro (5.895 m) eta Kenya (5.199 m).