Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rif

(Arab. er-Rif). Maroko-ko iparraldeko mendialdea, Muluya ibaitik Tanger aldera eta Mediterraneo itsasotik Garb-eko ordokietara, Taza-ko arroiletara eta Muluya ibaiaren goi arroko lurralde behereetara zabaltzen dena. 290 km ditu luzeran eta 2.456 m garai da gailur handiena (Tidirhine jebel edo mendia). Mendebaleko Rif-eko aldea menditsua da oso, mendiak malkartsuak dira, haranak estuak eta ugari dira amildegi sakonak. Maroko-ko lurralde hezeena da; fruituak eta barazkiak lantzen dira eta han daude Rif-eko hiri garrantzitsu gehienak: Tetuan, Ksar el-Kebir, Ouezan eta Xauen; Tanger eta Ceuta, iparraldeko kostaldean. Ekialdeko Rif-eko aldea askoz ere idorragoa da, erliebea leunagoa da eta artzain erdi-nomadak dira nagusi; Melilla eta Nador dira hiri nagusiak kostaldean eta Taza barnealdean.  v  Historia. Berberiarren lurraldea izan da aspaldidanik Rif. Kartagotarren mende egon ondoren, gogor eutsi zieten berberiarrek erromatarrei eta VI. mendean iritsi ziren lehen arabiarrei. VII. mendean almorabiarren mende geratu ziren, eta berberiar askok parte hartu zuten Iberiar Penintsularen konkistan. X. mendean, Kordobako kalifaren gobernupean zegoen Rif osoa. XV. mendean sartu ziren lehenengoz gaztelarrak Rif-eko kostaldean, baina espainiarrek ez zuten sekula Rif-eko lurraldea osorik hartu, ahalegin horretan guztiz tematu ziren arren. XVIII. mendean Rif erabat uzteko erabakia aztertu zuen Espainiako gobernuak, XIX. mendean bake itun ugari izenpetu zuten espainiarrek eta riftarrek; XX. mendearen hasieran guztiz areagotu ziren bi aldeen arteko liskarrak eta 1920an piztu zen Rif-eko gerra, Berenguer jeneral espainiarrak, Ceutako eta Melillako hiriak elkartzeko asmoz, berberiarren lurraldeez jabetzeko agindua eman ondoren. Abd el-Krim kaid edo buruzagi berberiarraren osteek guztiz xehekatu zituzten indar espainiarrak Annual-en (1921). 1925ean, ordea, Frantziak espainiarren alde jokatu zuen, eta espainiarren esku geratu zen Rif laguntza hari esker. Maroko-ko estatua burujabe egin zenean haren barnean geratu zen Rif-eko lurraldea (1956). Rif-eko biztanle gehienak berberiarrak dira hizkuntzaz eta kulturaz, baina Maroko-ko agintari arabiarrek ez diete hizkuntza, kultura eta politika mailan inolako ahalmenik onartzen.