Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rice, Anne

Estatubatuar idazlea (New Orleans, 1941). Banpiroei buruzko best-seller idazle gisa da batez ere ezaguna. Texas eta Kaliforniako zenbait unibertsitatetan egin zituen ikasketak. Bere lehen eleberrian –Elkarrizketa banpiroarekin (1976)– banpiro batek bere bizitzaren kontakizuna egiten du, eta bere kideen historian eta kulturan sarrarazten du irakurlea. Neil Jordan zinema zuzendariak film bat egin zuen 1994an liburuan oinarritua, arrakasta handiz. Liburu hura Banpiro kronikak sagaren hasiera izan zen. Sagako beste liburuetan zehar, Ricek banpiroen erretratu errukiorra egiten du, eta banpiroak konbentzio sozialetatik urrun bizi diren izaki erromantiko gisa azaltzen ditu: Lestat banpiroa (1985), Kondenatuen erregina (1988), Gorpuen lapurra (1992), eta Deabruaren ahotsa (1995) dira saga osatzen duten liburuak. Eleberrietako ikuspuntua ez da inoiz biktimarena, banpiroarena baizik. Riceren pertsonaiak beren nortasunaren bila dabiltza, sexua eta heriotza sarritan batera agertzen diren banpiroen subkultura baten barruan. Homosexualitatea, moraltasunik eza, ateismoa, eta ongiari eta gaizkiari buruzko gogoeta ere Riceren liburu gehienetan azaltzen dira. Bestalde, Anne Ramplin izengoitiaren pean, bi eleberri erromantiko argitaratu ditu: Txangoa Edenera (1985) eta Belinda (1986); eta A. N. Roquelaure izenaz, hiru liburu erotiko: Loti ederraren bahiketa (1983); Ederraren zigorra (1984); eta Ederraren askatasuna (1985). Santu guztien eguna (1979) eta Oihu egin zeruari (1982) eleberri historikoak dira, eta Ramsesen momia edo kondenatua (1989), Sorginen ordua (1990), Lasher (1993) eta Taltos (1994) liburuetan, berriz, naturaz gaindiko gorabeherak aztertzen dira.