Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Riba, Carles

Kataluniar idazlea (Bartzelona, 1893 - Bartzelona, 1959). Zuzenbide eta hizkuntza klasikoetako ikasketak egin zituen Bartzelonan, Madrilen eta Munich-en eta grekoko irakasle izan zen Bartzelonako unibertsitatean. Pompeu Fabra-rekin Institut d’Estudis Catalans erakundean lan egin zuen eta 1939an erbestera alde egin zuen. 1943an itzuli zen Bartzelonara eta Kataluniako hizkuntzaren aldeko erakundeetan esku hartu zuen hil arte. Autore klasikoren obrak itzuli zituen katalanerara: Virgilio, Eskilo, Sofokles, Plutarko, Xenofonte; hiru kontakizun liburu idatzi zituen: Les aventures d’en Perot Marrasquí (1917, Perot Marrasquí-ren abenturak), L’ingenu amor (1924, Amodio inozoa) eta Sis Joanes (1928, Sei Joan). Olerkigintzan, poesia hutsaren eskolaren jarraitzaile izan zen hasieran: Primer llibre d’estances (1919, Lehen estantzia liburua), Segon llibre d’estances (1933, Bigarren estantzia liburua), Tres suites (1937, Hiru suite). Erbesteko urteen ondoren, giza alderdia, bere bizikizunen oroitzapenak eta erlijio unibertsoa nagusitu ziren Ribaren olerkietan: Elegíes de Bierville (1942, Bierville-ko eresiak), Del joc i del foc (1946, Jokoa eta sua), Salvatge cor (1952, Bihotz basa) eta Esbós de tres oratoris (11957, Hiru oratoriotarako zirriborroak).