Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Retton, Mary Lou

Estatubatuar kirolaria (Fairmount, 1968). Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi duen lehen gimnasta estatubatuarra, bere herrialdeko gimnastikaren historiako gimnasta onenetako bat. Hamabi urterekin Estatu Batuetako txapelketetan parte hartu zuen, eta urtebete geroago Estatu Batuetako selekzioan sartu zen. Los Angelesko Jokoak baino 20 hilabete lehenago Houstonera joan zen (Texas), Bela Karolyi entrenatzaile errumaniarraren gimnasioan lan egitera. 1983an, MacDonalds Amerikar Kopan, munduko gimnasta onenak garaitu zituen, sobietar eta errumaniar txapeldunak barne. Handik gutxira Japoninako Chunichi Kopa irabazten lehen estatubatuarra izan zen. Eskumuturraren hausturak 1983ko munduko txapelketan parte hartzea galarazi zion. Los Angelesko Olinpiar Jokoetan, baina, ordaina hartzeko aukera izan zuen, eta gimnastikan urrezko domina irabazten zuen lehenengo estatubatuarra izatea lortu zuen. Gainera, zilarrezko domina irabazi zuen zaldian eta taldeka, eta brontzezkoa barra asimetrikoetan eta lurreko ariketetan.