Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reagan, Ronald

Estatu Batuetako berrogeigarren lehendakaria (Tampico, Illinois, 1911 – Kalifornia, 2004). Zapatari baten semea zen, eta Illinois estatuko Eureka College-n graduatu zen 1932. urtean. Irratietako kirol emanaldietan lanean aritu ondoren, 1937. urtean zinema hartu zuen lanbidetzat. 50 bat filmetan parte hartu zuen, antzezpen txikietan maiz; aipagarrienak Knute Rockne, All American (1940), Kings Row (1942) eta The Hasty Heart (1950) dira. 1947-1952 eta 1959-1960 urteen artean Hollywoodeko Screen Actors Guild aktore sindikatuaren zuzendari izan zen; kargu horretan, komunismoak Estatu Batuetako zineman izan zezakeen eraginaren aurka saiatu zen, maccarthismoaren garai berean. 1950. urteetan, bere zinema karrerak beherantz egin zuenean, General Electric konpainiaren bozeramaile lanak hartu zituen. Garai hartan aldatu zen Reagan demokrata liberala izatetik errepublikar kontserbadore izatera. 1966. urtean Kaliforniako gobernaritzarako hauteskundeak garaitu ziten. 1970. urtean berriz ere hautatu zuten. 1980. urtean, bi alditan alferrik saiatu ondoren, inolako lehiarik gabe irabazi zuen talde errepublikanoaren hautagaitza, eta 1981. urteko lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituen (botoen % 51) zen Jimmy Carter lehendakariaren aurretik (botoen % 41). Lehendakari hautatu berri zela gazte batek tirokatu zuen eta larriki eriturik utzi zuen. Reagan azkar osatu zen eta agintaldia antolatzera itzuli zen. Eskaintzaren aldeko ekonomia politika erabiliz, defentsa gastuak handitzea eta bestelakoak murriztea proposatu zuen; aldi berean zergak, nabarmen jaitsi zituen. Reaganek administrazioaren diru sarreren gorakada ekarriko zukeen ekonomia hazkuntza handia lortu nahi zuen ekonomia politika neurri horiekin, administrazioak zergak jaisterakoan galtzen zuena erraz berreskuratuko baitzuen, beraren ustez, ekonomia hazkuntzaren bidetik. Ondorioak era askotakoak izan ziren: inflazioa % 3,5aren inguruan mantendu bazen ere, 1982. urtean izan zen atzerakadaren ondorioz ekonomia hazkuntza ez zen uste zuten adina hazi, eta, beraz, zergen beherakadak administrazioaren zorra bikoiztu egin zuen 1981-86 artean. Reaganen agintaldian Estatu Batuek bake denboran inoiz izan dituzten militar gastu handienak izan zituen, hala nola 1983. urtean aurkeztu zen Strategic Defense Initiative izeneko defentsa estrategikorako programarenak. Kanpo harremanei dagokienez komunismoaren kontrako jarrera gogorra izan zuen beti. Bestalde, Sobietar Batasunarekin armak murrizteko elkarrizketetan parte hartu zuen; hala, 1988. urtean arrakasta handia lortu zuen Mikhail Gorbachev Sobietar Batasunaren buruarekin batera misil nuklearrei buruzko hitzarmena izenpetu zuenean. Bere agintepean Estatu Batuek militarki hartu zuten Granada (1983), Karibe Itsasoko uhartea, hango gobernua agintetik kentzeko. 1984. urteko hauteskundeak ere berak irabazi zituen (botoen % 59arekin), Walter Mondale (botoen % 41) hautagai demokrataren aurretik. Defentsa gastuak areagotzeari jarraitu zion, administrazioaren defizita etengabe hazten zen artean. Estatu Batuetako ekonomia, ordea, egoera benetan onean zegoen bigarren agintearen bukaera aldera. Ekonomia giro egoki horrek eta Sobietar Batasunarekin lorturiko harreman ezin hobeak ahaztuarazi zituen nolabait gerora nabarmendu ziren Estatu Batuetako ekonomiaren akatsak eta Reaganek azken urtean izan zituen akats politiko handiak (Irangate kasua, Nicaraguako gatazka, Panamari egindako blokeoa, esaterako).