Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramírez Mercado, Sergio

Nikaraguar politikaria eta idazlea (Masatepe, Masaya, 1942). Movimiento de Renovación Sandinista (MRS, Berritze Mugimendu Sandinista) taldeko buruzagia. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Leoneko Unibertsitate Nazionalean (1964). Ikasle garaian egin zituen lehen urratsak politikan. 1968an, Erdialdeko Amerikako Unibertsitate Batzorde Gorenaren idazkari nagusi izatera iritsi zen, Costa Rican. Politikarako urrats nagusia 1975ean egin zuen, Frente Sandinistako kide egin zenean, Berreraikuntza Nazionaleko Gobernu Batzordean sartu zen. Lau urte geroago, iraultza sandinistaren garaipenaren ondoren (1979), batzordeko buruzagitza lortu zuen. Garaipena azaroko hauteskunde orokorretan gauzatu zen; Ramírez bere herrialdeko lehendakariorde bihurtu zen, Daniel Ortegaren agintaritzapean. Besteak beste, Erdialdeko Amerikan bakea lortzeko Esquipulasen egin zen hitzarmenean parte hartu zuen. 1990eko otsaila arte eutsi zion lehendakariorde karguari, Frente Sandinistak hauteskundeak galdu arte, alegia. Porrotaren ondorioak berehala azaleratu ziren FSLNen. 1993ko azaroan, Nikaraguako pribatizazioak arautzeko lege aurreproiektuaren kariaz, bera eta Ortega aurrez aurre jarri ziren. FSLNren zuzendaritza batzordeak bazterrera utzi zuen Ramírez hurrengo urtean, eta alderdian zituen karguak galduz joan zen militante soil bihurtu zen arte. 1995eko urtarrilean, Frente Sandinista utzita, alderdi politiko berria sortu zuen, Movimiento de Renovación Sandinista, eta bera da alderdiko buruzagi nagusia. 1996ko uztailean Nikaraguako lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua, baina arrakastarik gabe. Politikari gisa ez ezik, idazle gisa ere nabarmendu zen, gaztetandik. 1960an Ventana literatura higikundea sortu zuen, eta izen bereko aldizkaria argitaratzeaz arduratu zen. Aipagarriak ditu, besteak beste, Cuentos (1963), El pensamiento vivo de Sandino; Castigo divino (1988) eleberria; Tropeles y tropelías alegia; Charles Atlas también muere ipuin bilduma; Estás en Nicaragua (1985), erdi saiakera erdi memoria liburua; Margarita, está linda la mar eleberria (Alfaguara saria eta Frantzian argitaratutako atzerritar obra onenaren Laure-Bataillon saria irabazitakoa, 1998). Urte horretan bertan Cuentos completos argitaratu zuen, botereaz idatzi dituen kontakizun guztien bilduma, Mario Benedettiren hitzaurrearekin.