Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Racine, Jean-Baptiste

Frantses poeta eta dramagilea (La Ferté-Milton, 1639 - Paris, 1699). Frantziako tragediagile klasiko nagusia izan zen. Umezurtz geratu zen hiru urte zituela, eta Port-Royalgo fraideen komentuan hezi zuten, han zuen izeba baten begirapean. Jansenistek Beauvais-en zuten ikastegira bidali zuten, ondoren, eta Port-Royalen osatu zituen ikasketa klasikoak 1655-1658 urteetan, grekoa arreta bereziz ikasirik. 1658an Parisa joan zen eta filosofia eta lege ikasketak egin zituen urte batez. Arian-arian albo batera utzi zituen jansenismoaren araberako molde estuak. Languedoc-eko Uzès hirira bidali zuten ondoren, apaiz ikasketak buka zitzan, baina, 1663an ,Parisa joan eta lehen antzerki obra aurkeztu zuen Molièreren antzerki taldearen eskutik: La Thébaïde (1664). 1665ean, Alexandre izeneko obra eman zuen, Molièreren eskutik hura ere. Bigarren obra horrek arrakasta handia izan zuen, baina Racineren eta Molièreren arteko haserrea ekarri zuen, lehen emanaldiaren ondoren Racinek beste talde bati eman baitzion obra. 1667tik geroztikakoak izan ziren Racineren urte oparoenak: Andromaque (1667) Euripidesen tragedian oinarrituriko obrarekin Pierre Corneilleren maila berera iritsi zen; hurrengo urtean, Les Plaideurs (1668, Auzilariak) eman zuen, bere komedia bakarra, eta, 1670. urtean, antzinako Erroman giroturiko bi tragedia aurkeztu zituen, Britannicus eta Bérénice, Racine goren mailaraino jaso zuten obrak. Bertso argi eta indartsuz eta antzerki baliabide egokiez baliaturik, unibertso tragiko indartsua eratu zuen Racinek bere obretan; bere tesiaren arabera, gizakiak ezin du bere grinen halabeharra saihestu eta, bizitzaren bilakaerak baino, izadiak berak zehazten du norberaren patua. Racine ospetsua zen urte haietan, berea egin zuen halaber Parisko gortea eta zorrotz agertu zen beti etsaien aurka, Port-Royalen izan zituen maisuak barne. Molde bereko obrak eskaini zituen hurrengo urteetan, baina argumentuz konplexuagoak: Bajazet (1672), Mithidrate (1673) eta Iphigénie (1675), Euripidesen obran oinarrituta horiere. 1677an aurkeztu zuen azken tragedia profanoa, Phèdre, Euripidesen obran oinarritua eta agian poesia maila handiena zuena, baina harrera onik izan ez zuena. horren ondorioz, Racine goitik behera aldatu zen; antzerkia zuen molde jansenistetara itzultzeko. Port-Royalekoekin adiskidetu ondoren Abrégé de l’histoire de Port-Royal (1767an argitaratua, Port-Royaleko historia laburra) eta Cantiques spirituels (1694, Kantu espiritualak) obrak idatzi zituen antzerkitik kanpora. Hogei urte igaro zituen bizimodu burgesari atxikia, seme-alaben heziketaz arduratua eta kristau eginbideei hertsiki lotua. Beste bi antzerki obra idatzi zituen, hala ere, isilune luze haren ondoren, Maintenon-go andereak, Luis XIV.aren emazte morganatikoak, eskaturik: Esther (1689) eta Athalie (1691, Atalia), Bibliako pertsonaietan oinarrituak biak. Bigarrenaren antzezpena debekatu egin zioten, eta, orduan, antzerki mundua betiko utzi zuen.