Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quiroga, Horacio

Uruguaiko idazlea (Salto, 1879 - Buenos Aires, 1937). Ezbehar asko izan zituen bizitzan; adiskide bat hil zuen nahi gabe eta haren lehen emazteak bere burua hil zuen. Hasieran modernismoaren eta bereziki Leopoldo Lugones idazlearen eragina izan zuen. La revista aldizkari modernistan parte hartu zuen eta 1901ean Los arrecifes de coral (Koral arrezifeak) olerki eta hitz lauko bilduma argitaratu zuen. 1902an argazkilari gisa parte hartu zuen Lugonesek Misiones oihanera antolatu zuen bidaian. Harrezkero Chaco eskualdean eta Misiones oihanean bizi izan zen. Bi eleberri labur idatzi zituen: Historia de un amor turbio (1908, Amodio nahasi baten historia) eta Pasado amor (1929, Maitasun iragana); gainerantzean ipuinak idatzi zituen. Ipuin idazlearen dekalogo bat idatzi zuen, ipuinari buruz zituen ideiak eta gehien maite zituen ipuingileak aipatzen zituena: Poe, Maupassant, Kipling eta Txekhov. Ipuin gehienak egunkari eta aldizkarietan argitaratu zituen eta gero liburuetan bildu. Oihana du ipuin askoren gertalekua, eta gizonaren eta izadiaren arteko gatazka dute gaitzat. “Errealismo magikoa” deritzanaren aitzindaria izan zen. Eritasun larri bat zuela jakinik bere buruaz beste egin zuen. Idazlanak: Cuentos de amor, de locura y de muerte (1917, Maitasunezko, eromenezko eta heriotzazko ipuinak), Cuentos de la selva (1918, Oihaneko ipuinak), El salvaje (1919, Basatia); El desierto (1924, Basamortua), La gallina degollada y otros cuentos (1925, Lepo egindako oiloa eta beste ipuin batzuk), Anaconda (1921), Los desterrados (1926, Erbesteratuak).