Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pujana, Pedro

Arabar idazle eta itzultzailea (Aramaio, 1915 - Bilbo, 2001). Abade karmeldarra. Gaztetan hasi zen euskarazko hainbat aldizkaritan kolaboratzen. Besteak beste, Euzkadi, Zeruko Argia, Agur, Zer, Karmel, Kardaberaz edota Euskeratzaintza aldizkarien bidez zabaldu zituen hainbat urtez bere idazlanak. 1970ean eman zuen argitara bere lehen liburua, Euskal aditza bizkaieraz. 1977an bere sorterriko euskara aztertu zuen, Oletako euskal aditza libururako, eta 1979an Oletako euskal aditza/Flexiones hika del Valle de Leitz, del valle de Angiozar, Bergara, de Zeanuri y de la zona de Vitoria argitaratu zuen. Izan ere, Arabako jatorrizko euskara gehien eta sakonen aurkeztu duenetakoa izan zen Pedro Pujana. Itzultzaile gisa ere nabarmendu zen. Azken urteetan euskalgintzaren inguruko elkarte eta erakunde askoren esker oneko omenaldiak jaso zituen. 1995ean ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 1999. urtean Aramaioko Seme Kuttun izendatu zuen bere jaioterriko Udalak. Euskal Herriko argitaletxeek ere omen egin zioten 2000. urteko Bilboko Liburu Azokan, euskararen alde egindako lan oparoagatik, Urrezko Luma emanez.