Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ptolomeo, Klaudio

(Lat. Claudius Ptolemæus). Egiptoar jatorriko greziar astronomoa, matematikaria eta geografoa (Ptolemais Hermiu, Egipto, 90 - Canope, 168). Alexandrian bizi izan zen ia bizi osoan. Jakintza alor asko landu zituen, astronomia, matematikak, optika, geografia eta musika, besteak beste. Bere garaiko ezaguerak eta ideiak hainbat obratan bildu zituen. Bere lan nagusia Mathematike syntaxis da (Matematika sistema), arabiarrek hura zabaldu zutenean Almagesto deitua. Liburu horretan astronomia teoria bat asmatu zuen zeruko argizagien higidurari buruz; Ptolomeok uste zuen Lurra zela unibertsoaren erdigunea eta haren inguruan ibiltzen zirela biraka Ilargia, Eguzkia, planetak eta izarrak. Greziarrek eta arabiarrek ontzat hartu zuten Ptolomeoren sistema eta, azken horien bidez, Europara sartu eta Erdi Aroa arte iraun zuen, harik eta XVI. mendean Kopernikok eta Kepplerrek teoria heliozentrikoa frogatu zuten arte. Horrez gainera, Ptolomeok optikako obra bat idatzi zuen eta astrolabio bat asmatu zuen, angeluak neurtzeko. Bere garaiko geografo handiena izan zen. Zazpi liburukitako geografia obra mardul bat idatzi zuen (Geographike hyphegesis); lehenengoan, mapak egiteko arauak eta argibideak eman zituen eta, besteetan, kartografia mapak egin zituen, eta hiri jakin batzuen latitudeak eta luzerak zehaztu. Bere mapa batzuetan Pirinioetako eta Euskal Herriko hainbat toki aipatu eta hiri batzuen kokalekuen berri eman zuen. Halaber, kalkulu batzuk egin zituen Lurraren zirkunferentzia neurtzeko; hark ateratako emaitza, ordea, benetakoa baino laburxeagoa geratu zen. Erdi Aroan, idazlan hura geografiako oinarritzat hartzen zen. Obra hartan, Asia gehiegi luzatzen zen ekialdera, eta akats horrek nahasturik, Kolonek Asian zegoela uste izan zuen Karibeko kostaldeak ikusi zituenean.