Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prodi, Romano

Italiar politikaria (Scandiano, 1939). Ekonomia Politiko Industrialeko irakasle izan zen Boloniako unibertsitatean. 1979an Industriako ministro izendatu zuten. 1982-1989 urteen bitartean eta 1993-1994 bitartean Industriaren Erreformarako Institutua zuzendu zuen. 1996ko hauteskunde orokorretan Olivo-ko zentro-ezkerraldeko koalizioko hautagai nagusia izan zen, eta botoen % 43,4 lortu zuelarik, Lehen ministro izendatu zuten. Gobernura iritsi zenetik Prodiren helburu nagusia Italia Europar Batasunera sartzen zen lehenengo herrialdea izatea izan zen. 1997an uko egin zion alderdiko presidente izateari, koalizioko komunistekin zituen gorabeherak zirela-eta. Baina krisi hura gainditzea lortu zuen komunista berriekin hitzarmen bat izenpetu zuenean, 2001. urtean 35 orduko lan astea abian jartzeko. 1998an, Bruselan, Europar Batasuneko buruzagi nagusien bileran parte hartu zuen Prodik. Bilera hartan Europako diru bakarreko taldea osatuko zuten hamaika herrialdeen behin betiko zerrenda onartu zen.