Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

produktu

iz. Ekoizpena. ◊ Nekazaritza edo industria ekoizpena.  v  Barne Produktu Gordina (BPG). Herrialde jakin bateko ekonomiak denbora tarte jakin batean (urtebeten maizenik) produzitzen duen ondasun eta zerbitzuen multzoa neurtzen duen magnitude makroekonomikoa. Denbora tarte horretan lortzen diren ondasun eta zerbitzuak merkatu prezioetan adierazirik eta metaturik lortzen badira Barne Produktu Gordina merkatu prezioetan neurtua dela esaten da. Kopuru horri zeharkako zergak kentzen bazaizkio eta subentzioak batzen, Barne Produktu Gordina ekoizpen faktoreen kostuetan neurturik (ekoizpen faktoreei ordaintzen zaien errentan, alegia) lortzen da. Ondasun eta zerbitzu horiek azken ondasun eta zerbitzuak dira, tarteko produktuak ez baitira kontuan hartzen, kontsumitzen diren produktuak, inbertsio ondasunak eta stockak edo dituzten aldaketak jasotzen baititu soilik; izan ere, tarteko ondasunen edo produktuen balioa azken ondasun edo produktuen prezioetan jasotzen da. Gordin hitzak kopuru edo balio ez gordinak edo ez netoak direla adierazten du, produkzio kopuruei ez zaizkiela kentzen kapital ondasunetan produkzioa dela eta ondasun horien balio galera berritzeko (kapital kontsumoa) egiten den gastua. Barne hitzak, berriz, atzerrian diren inbertsioen eta jabetzen edo bertako langileek atzerrian lortzen dituzten errentak ez direla kontuan hartzen adierazten du; beraz, herrialdean bertan produzitzen diren ondasun eta zerbitzuak hartzen dira kontuan soilik.  v  Nazio Produktu Gordina (NPG). Barne produktu gordinari atzerrira ordaintzen diren errentak kenduz eta atzerritik jasotzen direnak batuz kalkulatzen den magnitude makroekonomikoa. Merkatu prezioetan neurtzen bada, merkatu prezioetan neurturiko Nazio Produktu Gordina dela esaten da. NPGak zeharkako zergak eta subentzioak barne dituenez, maizenik kontzeptu horiek kentzen dira nazioaren errenta edo output-a neurtzeko, faktoreen kostuetan neurturiko NPG-a erabiltzen da horretarako alegia.  v  Barne Produktu Netoa edo Garbia (BPN). Produkzio prozesuan kapital ondasunek izan duten balio galera (kapital kontsumoa osatzearren ondasun horietan egiten den gastua, amortizazioa alegia), BPG-ari kenduz lortzen den magnitude makroekonomikoa.  v  Nazio Produktu Netoa (NPN). Nazio Produktu Gordinari produkzio prozesuan ekoizpenean parte hartzen duten ondasunen amortizazioa kenduz kalkulatzen den magnitude makroekonomikoa. Zeharkako zergak kentzen bazaizkio eta subentzioak gehitzen faktoreen kostuetan neurturiko NPN-a kalkulatzen da; kuantitatiboki nazioaren errentaren berdina da, ekoizpen faktoreei egiten zaizkion ordainketak alegia.